Asteburu honetan hasiko da Josetxo Gamioren omenezko pala txapelketa
Mutilen kategorian, 90 bikotek hartuko dute parte Girizia elkartearen pilota sailak antolatzen duen pala txapelketan. Neskak apirilean hasiko dira.
Iazko txapelketako irudietako bat. Girizia elkarteko pilota sailak antolatzen duen pala txapelketa datorren larunbat goizean hasiko da. Gizonen kategoriako lehenengo partidak jokatuko dituzte. 90 bikote ariko dira nor baino nor, hiru mailatan banatuta. Parte hartzaileen aldetik, arrakastatsua izango da Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia 2019.
Partidak larunbat goiz eta arratsaldetan, eta igande goizetan jokatuko dituzte. Nesken txapelketa apirila inguruan hasiko dira, bikote gutxiago direlako. Txapelketako finalak maiatza bukaera inguruan jokatuko dituztela jakinarazi dute Giriziakoek.
Elkarteak antolatzen duen txapelketaren XXXVI. ekitaldia izango da, Josetxo Gamioren omenezkoa. Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia izenarekin, berriz, hamaseigarren aldia izango da.
Urtero bezala, Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia 2019 gertutik jarraituko da irauten duen bitartean.
