Ondarearen Mahaia ostegunean elkartuko da, Herri Artxiboaren harira
Oiartzungo Herri Artxiboa osatzeko bidean, Ondarearen Mahaia elkartuko da hilaren 24an, osteguna. Materiala izan dezaketen edo ondarea landu dutenak elkartu nahi dituzte.
Oiartzungo Herri Artxiboa osatzeko lehen fasean sartu da. Horren harira, Ondarearen Mahaia elkartuko da datorren ostegunean, hilak 24.
Mahai horretan, ondarearen inguruan lan egiten duten herriko eragile, elkarte edo norbanakoak elkartu nahi dituzte, baita materiala izan dezaketenak ere.
Proiektua abiarazi zuen talde eragileak laguntza eskain dezaketen eragileak identifikatu zituen. Oiartzungo Herri Artxiboa azaltzeko lehenengo aurkezpen ekitaldia egin zuten iazko apirilean, bibliotekan.
Osteguneko aurkezpena, berriz, udaletxeko pleno aretoan izango da, 18:00etan hasita. Bertan, Miren Amoriza proiektuaren koordinatzaileak lehen fasea zertan den azalduko die bertaratzen direnei. Besteak beste, materiala inbentariatuko dute, urtarrilaren hasieran jakinarazi zutenez.