Galeuzca, poesia eta ekitaldia, Kontxa Murgia omentzeko
Galiziako abertzaletasunaren bultzatzailea izan zenaren ama omenduko dute hurrengo asteburuan, Fato Cultural Daniel Castelaok eta udalak antolatuta.
Urtero bezala, Kontxa Murgia Egaña omenduko dute urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra artean. Fato Cultural Daniel Castelaok eta Oiartzungo Udalak, beste behin, elkarlanean antolatu dute egitaraua. Helburua, Murgia bera omentzeaz gain, Euskal Herria eta Galiziaren arteko loturak estutzea izango da.
Hiru egunetan ekitaldi bana egingo dute. Honakoa izango da egitaraua:
- Hilak 31, osteguna: Xose Estevez historialariaren hitzaldia: Galeuzca, periferiaren errebolta. Udaletxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.
- Otsailak 1, ostirala: Poesia errezitaldi musikatua, euskaraz eta galegoz. Errezitatzaileak: Xose Estevez, Antton Kazabon eta Xabi Strubell. Musika jartzearen ardura izango dute Haizea Lekuona, Oihane Mitxelenak eta Edurne Saizarrek. Udaletxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.
- Otsailak 2, larunbata: Kontxa Murgiari omenaldia, Manuel Lekuona bibliotekan, 18:00etan, hasita.
Murgia, oiartzuarra
Kontxa Murgia Egaña (Oiartzun, 1806-Santiago, 1854) gaur egun Manuel Lekuona biblioteka den eraikinean jaio zen. Manuel Martinez Murgia —aitaren izena ez zuen jartzen, ama utzi zuelako— galiziar abertzaletasunaren bultzatzaileetako baten ama zen oiartzuarra.
Galiziako nazionalismoaren lehenengo teorikoa izan zen Martinez Murgia, eta Galegoaren Erret Akademiaren lehenengo presidentea izan zen, sortu zenetik —1906— hil zen arte —1923—. Bere emaztea, Rosalia de Castro, sona handiko idazlea izan zen.