Markel Olanok Niessen-ABB bisitatu du, euskararen sustapena ezagutzeko
Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, euskararen erabilera bultzatzea inbertsio errentagarria da enpresentzako. Oiartzungo enpresaren euskararen sustapena ezagutu du.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Niessen-ABB enpresa bisitatu du gaur goizean. Helburua izan da lantokiko euskara sustatzeko egitasmoa bertatik bertara ezagutzea. Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuru eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal izan dira diputazioaren ordezkaritza osatu dutenak.
Hizkuntza berdintasuneko estrategiak partekatu eta, fabrikako zuzendari Iñaki Lete eta euskara batzordeko kideen eskutik, Oiartzungo enpresak hizkuntza ohituren inguruan abian jarritako esperientziak ezagutu dituzte.
Olanok esan du aldundiaren helburu estrategikoen artean dagoela hizkuntza berdintasunarena: “Helmuga horretara iristeko lanetan, euskararen egoera orekatu eta bere erabilera bultzatzeko eta posible egiteko baldintzak sorrarazi behar dira alor guztietan”. Eredu eta esperientzia oso aurreratuak daudela nabarmendu du, eta tartean dela Niessen. Euskararen sustapenean langile zein zuzendaritzak duen inplikazioa txalotu du ahaldun nagusiak, baita duen ibilbide luzea ere.
“Kohesioa bultzatu”
“ABBk Oiartzunen duen Niessen fabrikaren esperientziak erakusten digun moduan, euskara gainontzeko hizkuntzekin berdintasunean erabili ahal izateko aukerak eta espazioak sortzen direnean, lantegi edo enpresa bateko langileen arteko kohesioa bultzatu dezakeela eta honek, gainera, merkatura ateratzen duten produktua hobetu egiten duela”, jarraitu du Olanok. Alegia, bere esanetan, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik egindako aurrerapenaz gain, euskara inbertsio errentagarria izan da enpresarentzat.
Niesseneko lantaldeak urteak daramatza, Oarsoaldearekin batera, hizkuntza berdintasuna bultzatzeko egitasmoak aurrera eramaten. Hainbat ekintza egiten dituzte: aldizkaria, erakusketa, paisaia linguistikoaren zainketa, euskara eta domotika uztartzeko proiektua… Euskaraldian parte hartze aktiboa izan dute, eta lan esparruan hizkuntza ohiturei buruzko lanketa egiteko aukera izan dute.