Ibai Maritxalar: «Bulkadaka margotzen dut, inpultsoen bitartez»
‘Txakurrak euripean’ erakusketa inauguratuko du gaur Reina aretoan. Maritxalarren azken bost urteetako lanak ikus daitezke bertan. Martxoaren 9ra arte ikus daiteke.
Txakurrak euripean erakusketa inauguratuko du gaur, 19:30ean, Reina aretoan, ekitaldi irekian. Maritxalarren azken bost urteetako lanak ikus daitezke bertan. Martxoaren 9ra arte ikus daiteke, 17:00etatik 20:00etara.
Bosgarren erakusketa izango da zure herrian.
Lehenengoa Mikelazulon egin nuen, 2001ean. Gero, Xenpelar Etxean bi egin ditut, 2003 eta 2009an. Eta Mikelazulon egin nuen 2013an.
Erakusketari Txakurrak euripean izena diozu. Zergatik?
Nik neuk ere ez dakit oso ongi erantzuten. Egia da, urte luzez, erretratuak izan direla nire gaia edo motiboa: aurpegia, espresioa, giza irudia… Azken hiruzpalau urtean, antzerkiak eraginda, aldaketa bat egon da nire pinturan. Lehen antzerkian aritzen nintzen, eszenografo gisa, baina kanpoko begirada batetik. Duela bost urte Antzerki Labean hasi nintzen, eta hiru urte eman nituen, aktore bezala. Maskarak lantzen genituen, eta nire pinturan ere agertzen hasi ziren. Aurpegietatik maskaretara, eta hortik abstrakzio edo forma organikoetara. Azkeneko sortan, abiapuntua autoerretratua izan zen. Argazki sorta bat egin nuen, eta ia 40 dauzkadan honetan, nire burua margotzen hasi nintzen.
40 urteen krisiaren eraginez?
Ez, ez! Krisirik ez… oraingoz [kar-kar]. Autoerretratuekin hasten nintzen, baina paisaiak ateratzen zitzaizkidan. Eta hortik, txakurrak atera ziren. Gauza batek bestera eraman zuen.
Pertsona-paisaiak-txakurrak.
Bai, baina ez da guztiz arrazionala. Nire intentzioa hori da, baina gero pinturak berak eramaten zaitu. Ez dut ideia finkorik; erreferentzia batekin has naiteke, baina gero pinturak gidatzen du. Eta hor, bat-batean, txakurrak agertu ziren. Hiruzpalau badaude nire pinturatan, eta horietako bat da txakur bat euripean. Hortik dator izena.
«Erreferentzia batekin has naiteke, baina gero pinturak gidatzen nau»
Txakurrez gain, zer gehiago ikus daiteke?
Azken bost urteetako lanak. Gehienbat, duela urte eta erdi edo bi urte artekoak. Badaude erretratuak, nire kuttunak direnak eta oraindik erakutsi ez ditudanak.
Urnietako Hegape eskolan, aurten, zeramika irakasten hasi naiz —besteak beste—, eta Xenpelarren ikasten hasi naiz berriro. Bertan egindako maskarak erakutsiko ditut.
Irakaslea zara. Zer moduz komunikatzen zara ikasleekin? Badute sena artistikoa?
Duela hamabi urte hasi nintzen irakaskuntzan, eta oso identifikatuta sentitzen nintzen beraiekin. Gero eta urrunago ikusten ditut… Batzuetan ez ditut ulertzen, eta beraiek ziurrenik ni ezta ere. Orain dena teknologiarekin lotuta dago. Hezkuntzak hori elikatzen du, ikasle bakoitzak chromebook bat badauka. Orain puntu horretan gaude; beharrezkoa da, baina batzuetan traba izan daiteke komunikaziorako edo eraginkorra izateko.
Nire ikasgaia urrun dago teknologiatik. Segun eta nori, kosta egiten zaio. Baina behin hastean, eskertzen dutela uste dut. Ordubete izaten dugu astean. Denbora laburra da, baina saiatzen naiz arte gaitasunak lantzen, sormena, emozioak, arte lenguaia… Bizitzaren beste arloetan erabiltzen ditugunak dira; edozertarako behar duzu irudimena.
«Pintura oso fisikoa da; pintzelarekin erasotzen duzu oihala, edo laztandu»
Aurten hasi zara zeramikarekin. Hori eta pinturaz gain, beste diziplina batzuk ere lantzen dituzu zure denbora librean?
Zeramikarena aspalditik neukan egiteko gogoa, nire lanerako balio duelako, esmalteen koloreekin aritzea eta. Ikasten ari naiz.
Arte lengoaia hain zabala da, nire eremura eramaten dudala. Ikasleekin pintzela erabiltzen dut gehiago. Hiru dimentsioak ere lantzen ditugu, baina nire eremuan ibiltzen naiz. Ikasleekin egiten ari naizen ariketa bat, agian, gero nire lanean txertatzen dut. Aktibatuta zaude, azkenean. Estudioan nagoenean, elkarreragina izaten du.
Errenteria-Oreretak fama du mugimendu artistikoa izatekoa. Nola ikusten duzu zuk?
Azken urteetan hoberako aldaketa izan dela, ez daukat zalantzarik. Duela 10-15 urte zegoen kultura eskaintzak eta oraingoak ez daukate zerikusirik. Eskaintza zabala du, 40.000 biztanleko herri batek izan behar duena. Arte plastikoetan badago gabezia pixka bat. Erakustokiarena, adibidez. Reina aretoa, berez, ez dago egokituta. ARCOn zentsuratu zuten obra baterako erabili zuten, eta nire buruari esan nion: ‘Nik hemen egin nahiko nuke!’. Ni izango naiz lehenengoa.
Laburbiltzen: lana ongi egiten ari da oro har, baina arte plastikoetan hobetu daiteke. Artista plastikook nahiko sakabanatuta gaude. Nire belaunaldikoak ezagutzen ditut, baina beste lanbide batzuk ditugu, zaila delako hortik bizitzea. Horrek jartzen zaitu beste testuinguru batean. Gero ere apustu egin behar da… Agian guk ez dugu benetako apustua egin. Baina pozik nago.
Aktore aritu zara. Pinturatik oso ezberdina da…
Bata oso bakartia da, oso barnera begirakoa da. Nik bulkadaka margotzen dut, inpultsoen bitartez. Antzerkia, aldiz, talde lana da. Biek dute bere xarma; nire sormena adierazteko biak iruditzen zaizkit esparru egokiak. Eta nolabait nahasten dira, Zoruk antzerki taldearekin maskarak erabiltzen ditugulako eta nik egiten ditut. Bertan antzematen dira nire trazoak.
Pintura, gainera, oso fisikoa da. Zuk pintzelarekin erasotzen duzu oihala. Edo laztantzen duzu, segun eguna. Gorputzaren lengoaiarekin eta mimikarekin konexioak ditu, zeharka bada ere. Nire nortasunarekin bat datorrela uste dut.
Erakusketarekin batera, antolatu duzu besterik?
Martxoaren 6an antolatu dugu Xabier Gantzarainen Zuloa liburuari buruzko hitzaldia, 18:00etan. Gainera, udalak katalogoa argitaratuko dit. Katalogoko testuak Gantzarainek idatzi ditu. Eskertu nahi dut Errenteriako Udalak eman didan laguntza, batez ere Arantxa Vegak. Erantzuna ikusgarria izan da: baliabide guztiak eskura jarri dizkidate, katalogo bat argitaratuko didate. Babes hori ez da ohikoa ez herrian, ez inon. Erakusketa martxoaren 9ra arte ikus daiteke, 17:00etatik 20:00etara.