Lezoarragoa, iraunkorragoa, eta emakume gehiagorena
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren aurtengo edizioa aurkeztu dute gaur. Berritasunekin dator lezoarren artean eta kanpoan erreferentzia den proba.
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren seigarren edizioa lezoarragoa, iraunkorragoa eta emakume gehiagorena izango da aurten. Hilaren 24an (igandea) da 14,2 kilometroko mendiko lasterketa, 10:00etan hasita Gurutze Santuaren plazatik. Lasterketaren eremua, ordea, ez da igande horretara mugatuko bakarrik. Berritasunak daude. Lasterketa aurretik eta bitartean 150 boluntario mugitzen dituen lasterketa da, eta haiei nahiz babesle eta Lezoko Udalari eskerrak eman dizkiete antolatzaileek.
Lezoarragoa izango da aurten, inoiz baino lezoar gehiagok eramango dutelako soinean apenas 12 ordutan agortu egin ziren dortsalak, urtarrilaren lehen egunean. Izan ere, 350 parte hartzaileen izen-abizenen ondoan, gehien errepikatzen den jatorria ‘Lezo’ delako: aurten 65 lezoar animatu egin dira herriko proban parte hartzera, lehenengoak dira herriz herrikako partaideen zerrendan. Jarraian hondarribiarrak eta donostiarrak daude (49na), eta ondoren errenteriarrak (48) edo irundarrak (34). Nabarmentzekoa da Oarsoaldeko 144 korrikalari daudela izena emanda. Denen artetik %90 dira gipuzkoarrak.
Eta emakumeen presentzia ere handia izango da aurtengo Lezo-Jaizkibelen. Izan ere, 59 emakumek parte hartuko dute, iazko edizioarekin alderatuz %17 gehiago. Mendiko lasterketetan emakumeen parte hartze indizerik altuenetakoa duena da Lezokoa. Datu bat: 2014ko lehen ekitaldian, 30 izan ziren emakume parte hartzaileak; aurten, ia bikoiztu egin da kopuru hori. Eta partaideen alorrean bakarrik ez. Urtero herriko kirolariak omentzen dituzte antolatzaileek, eta aurten, futbolean elitean aritu diren Lezoko emakumeak omenduko dituzte sari banaketa ekitaldian: Edurne Osa, Lierni Oiaga, Anne Mugarza eta Ainara Herrerok antolatzaileen eta herriaren aitortza jasoko dute. Emakumeen futbola indarra hartzen ari da, eta Lezoko kirolari horiek badute zerbait ikusteko gorakada horretan.
Iraunkorragoa izango da Lezo-Jaizkibel aurten. Barne konpromiso batetik datorren apustua da. Probaren lehen ediziotik antolatzaileek nabarmendu dute Jaizkibel Lezoren ondarea dela, zaindu egin behar dela. Eta lasterketan beti saiatu dira horri garrantzia ematen, besteak beste, mendira hondakinak botatzen zituzten korrikalariak zigortuz. Aurten, beste urrats bat eman dute, konbikziotik: anoa postuetan ez dituzte plastikozko edalontziak emango, baizik eta berrerabilgarriak, hilaren 24an eta aurrerantzean egingo diren edizioetan erabiliko direnak. “Jaizkibel zaindu nahi dugu, eta ahal bada, zegoena baino hobeto uzten saiatuko gara lasterketaren ondoren”, esan du Ibon Intxaurrandieta antolakuntza taldeko kideak. Lau anoa postu izango dira, hiru edariekin eta bestea jakiekin.
Euro iraunkorra
Egunean bakarrik ez. Luzera begirako iraunkortasun proiektu bat babestuko du aurten lasterketak. Urtero saltzen den dortsal bakoitzeko euro bat bideratzen du antolakuntzak elkartasun zereginetarako, eta aurten, Surfrider Fundazioarekin bat egitea erabaki dute: bertako kide Xavi Curtok gaurko agerraldian adierazi duenez, ozeanoen era kostaldearen babeserako irabazi asmorik gabeko elkartea da Surfrider, itsasoan zabor isuriak ekiditeko eta aldaketa klimatikoaren kontra lanean ari dena. “Bide horretan, proiektu zientifikoak lantzen ditugu, baita politikariei presioa egin ere itsasoa zain dezaten. Mundu mailan, itsasora kamioi bat zabor botatzen da minutuko, plastikoa gehiena. Horren kontra lan egiten dugu”. Antolakuntza eskertu egin du Curtok, batetik eurek ere iraunkortasunaren bidean urratsa egin dutelako, eta lasterketaren bidez fundazioa lagunduko dutelako.
Berritasuna
Hilaren 24a iritsi baino lehen, antolatzaileek denbora batez buruan bueltaka zuten egitasmo bati ekingo diote: Lezo Mendi Film egingo dute lehenengoz. Hala, hilaren 22an (ostirala), 19:00etan eta Gezala Auditoriumean, Mikel Urrestik eta Iñaki Urrestik zuzendutako Tor dokumentala emango dute (doan da, eserlekuak bete arte). Ikus-entzunezkoan, Silvia Trigueros mendiko lasterkari bizkaitarrak Alpeetako Tor des Geants proban (330 kilometrokoa, 24.000 metroko desnibelarekin) egindakoa dago jasota Xabier Lasaga antolakuntzako lagunak zehaztu duenez, “Bilbao Mendi Film Festival jaialdian arrakasta handia lortu zuen lan honek”. Proba hori irabazi egin zuen iaz Triguerosek.
Lasterketak
350 lasterkari bilduko dituen lasterketa nagusia 10:00etan abiatuko da Lezoko plazatik (dortsalak 08:30ean jasotzen hasi behar dira, plazan). Trazatuan ez dago aldaketarik. Antolatzaileak busti egin dira, balizko faboritoen zerrenda eman dute, partaidetza zerrendan oinarrituta. Gizonetan, Iker Oliveri hondarribiarra (lau edizio irabazi ditu), Joxe Amunarriz hondarribiarra ere (hainbatetan bigarren izan da), Jon Ugalde andoaindarra, edo Raul Artola lezoarra nabarmendu dituzte. Eta noski, Ander Iñarra herritarra, iazko irabazlea. “Oso berezia da lasterketa hau niretzat. Herrikoa delako, eta egoten den giroa oso ona delako. Antolakuntza ere oso ona da. Hilabete daramat mendiko lasterketen sasoia prestatzen, hau izango da urteko nire lehen lasterketa. Gogotsu nago”, esan du gaurko agerraldian Iñarrak.
Emakumeetan ez da iazko irabazlea izango, Lurdes Oiartzabal lezoarra. Baina bai iaz hirugarren izan zen Amaiur Iglesias errenteriarra, edo Idoia Alvarez nafarra. Lezoko emakumeek sorpresaren bat eman dezakete aurtengoan, zergatik ez.
Gazteen lasterketa ere hartzen du bere barruan Lezo-Jaizkibelek. Baita haurrenak ere: azken horiek 10:15ean hasiko dira, plazatik (dortsalak 09:30ean hartzen hasi behar dira). Bost daude: 0-2 urtekoena, 3-5ekoena, 6-8koena, 9-12koena eta 12-15koena. Izen emate horietan jasotzen dena Surfrider Fundaziora bideratuko dute.
Helduen lasterketan, lehen hiru gizon eta emakumeek, lehen lezoarrek (gizona eta emakumea), eta lehen gazteek (neska eta mutila) jasoko dute saria. Suebakian azkarrenek ere izango dute, ohi bezala, garaikur berezia. Horiez gain korrikalarien artean hainbat zozketa egingo dituzte.