Maider Zabalegik bidea urratzen jarraituko du bigarren diskoarekin
Maider Zabalegik 'Bidean' diskoa aurkeztu du gaur. Bakarkako ibilbideko bigarren diskoa da, ikuspegi pertsonaletik sortutakoa, baina taldekideen ekarpenekin.
Maider Zabalegi oiartzuarrak bakarkako ibilbideko bigarren lana aurkeztu du gaur: Bidean. Izen artistikoa ere estreinatu du, izena bakarrik zenari abizena erantsi baitio. “Orain arte deitu izan naute Maider, Alaitz, Ixiar, Maixa…”, esan du, umore puntuarekin, Zabalegik.
Izena izana da, baina musikariei izanak bere musikak ematen die. Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuruk adierazi duenez, “betiko Maider” da Bidean aurki daitekeena: “Goxoa, irekia, bizitzari buruzko gauzak kontatzen dituena…”. Aizpuruk aitortu du beti saiatzen da musikariei beren letren esanahiak zeintzuk diren ateratzen.
Zabalegik gogorarazi duenez, duela lau urte hasi zuen bere ibilbide berria, etenaldi luze baten ondoren. “Ordutik sortu eta sortu aritu naiz, eta disko hau da azken bi urteetako sormenaren isla”, esan du oiartzuarrak. Berak sortutakoari ekarpena egin diote Urbil Artola eta Gorka Urra taldekideek, bakoitzak bere ukituarekin: Artola, folkiagoa; Urra, rockeroagoa.
Urte eta piku eman dute diskoa sortzen, eta Oiartzungo Lezoti estudioan grabatzerakoan, haserrealdiak izan dituztela. “Hala ere, esku artean izan dudanean, sentitu dut nirea balitz bezala”. Prozesua luzea izan dela eta, eskertu du —irribarre batekin— bere senideek etxetik bota ez izana. Maria Soriazu baxu jotzaileak, berriz, lana “zoragarria” izan dela ziurtatu du, prozesua bera eta konposizioa barne.
“Bizitzarekin maiteminduta”
Pop, country eta rock doinuek janzten dituzten letrak dira minbiziari buruzkoak, motxiladun haurren gaia jorratzen dutenak edo errefuxiatuena. Gaixotasunei buruz esan du beti inguruan dagoen gai bat dela, eta ez dakizula noiz toka daitekeen. Errefuxiatuen gaia, berriz, bortitza dela nabarmendu du, “baina badirudi, zoritxarrez, ohitu garela”. Zabalegi bera haur motxiladuna izan zen, eta enpatia sentitzen duela.
Oro har, baina, bizitzako gauzei buruz abestu du, bizitzarekin maiteminduta dagoela jakinarazi baitu. “Maitasunari asko abesten diot. Niretzako maitasuna oso anitza da: haurrak, bizitza bera…”. Musika da barruan duena botatzeko bitartekoa, eta horrek Zabalegiri ahalbidetu dio psikologoetan asko aurreztea, txantxetan esan duenez.
Zabalegik, Artolak, Soriazuk eta Saralegik taldekide izango dituzte Karlos Aranzegi baterian eta Santi Romano tekletan. Diskoan kolaboratu dutenen zerrenda are luzeagoa da: Joseba Loinaz (pianoa), Iñigo Asensio (hammond organoa), Beñat Igerabide (ahotsa), Mathieu Haranboure (baxua), Xabi Solano (soinu txikia), Cristina Vertiz (biolinak) eta Orkatz Arbelaitz (biolontxeloa).
Lehenengo kontzertua etxean emango du Zabalegik eta bere taldeak: Oiartzunen izango da, martxoaren 23an, 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Datozen egunetan emango dituzte xehetasun gehiago. Bitartean, abestiak ikasten joateko denbora badago.