Etxe turistikoen fenomenoaz
Pasaiako Udala etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza prestatzen ari da; interesdunek martxoaren 8ra bitartean dute ekarpenak egiteko aukera
Beharrak hala eraginda ekin dio Pasaiako Udalak etxebizitza turistikoen gaia arautzeari, «premiaz» udaleko hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek aitortu duenez. Oterminen arabera, «presazkoa da» gaia arautzea, eta ordenantzak «ezin duela itxaron» gaineratu du, «fenomenoa azkar batean ari delako handitzen», eta «kasu askotan baimenik gabe ari direlako etxeak alokatzen».
Zaharrak dira Pasaiako Arau Subsidiarioak, 1997. urtekoak. Egin ziren garaian turismoaren fenomenoa oso bestelakoa zen, eta etxebizitza turistikoentzako araudirik ez zen aurreikusi, ziurrenik garai hartan beharrik ez zegoelako.
Ondorioz, Pasaian etxebizitza turistikoek duten erregimena, gaur-gaurkoz, hotel, aparta-hotel eta antzeko jarduerek dutenaren berbera da, eta horrek, udaleko hirigintza zinegotziaren iritziz, «ez du inongo zentzurik».
Gauzak asko aldatu dira Pasaiako azken arau ordezkatzaileak onartu zirenetik, eta denbora horretan udalerria Donostia gertu edukitzearen ondorioak sumatzen hasia da, Oterminek nabarmendu duenez, «batez ere San Pedroko eta Donibaneko kasko historikoetan».
Pasaian, azken aldian, 30 eta 50 etxebizitza inguru ageri ohi dira etxebizitza turistikoak eskaintzen dituzten webguneetan, eta Oterminen arabera horietatik zazpik baino ez dute turismo sailaren baimena. Arazoa, hala ere, harago doala ohartarazi du du: «Jaurlaritzak baimena eman die udalaren aldeko txostena begiratu gabe».
Galderak eta ezinegona
Udalean alde zaharretako bizilagunen «kezka eta ezinegona» igartzen hasi dira. Izan ere, turistentzako etxebizitzen eskaintza handitu den neurri berean, handitu dira baita ere herritar eta interesdunen galderak udaletxean. Gero eta jende gehiagok jotzen du Hirigintza sailera gaiaz galdezka, eta galdera horien aurrean, askotan, udalak ez du erantzun argirik, hain zuzen ere, lege aldetik hutsune bat dagoelako eta indarrean dauden arau subsidiarioek «oso erregimen nahasgarria eta batzuetan kontraesankorra ezartzen dutelako erabilera turistikora bideratutako jarduerak arautzerakoan».
Hutsune horri erantzun nahi dio, hain zuzen ere, udalak esku artean duen ordenantza berriak, eta berandu baino lehen legez arautu goraka ari den fenomenoa, udalerriaren eta bereziki bertako herritarren kaltetan gerta ez dadin.
Handitzeko aukerarik ez
Malkarrak dira Pasaia inguruko lurrak, eta udalerriak ez du hazteko aukerarik. Etxebizitza parke egonkorra du, eta etorkizunean parke hori handitzeko toki handirik ez. Udalaren arabera, horregatik du garrantzi handia etxebizitza turistikoen gaia behar bezala arautzeak, hala egin ezean kaltegarri suerta daitekeelako bertakoentzat, turistentzako etxebizitzak ugaritzen diren neurrian murriztu daitezkeelako baita ere pasaitarrentzat bere herrian bizitzeko aukerak.
Horregatik ordenantza berriak «jardueraren saturazio mailak» ezarri asmo ditu, eta jarduera ezartzeko baldintzak zehaztu, «bai geografikoak, bai jardueraren garapenari dagozkionak».
Fenomenoa bereziki nabarmena da Donibaneko eta San Pedroko alde zaharretan. Tamainan txikiak izanik, etxebizitza turistikoen ugaritzeak bi kasko historikoetan izan dezakeen eragina kontuan hartzekoa da.
Zentzu horretan, datu bat kontuan hartzekoa: Donibaneko alde zaharrean, 440 etxebizitza inguru daude, eta antzerako kopurua San Pedrokoan. Errealitate horri erreparatuta hitz egin du Oterminek: «Kasko historikoak gozoki bat izan daitezke turistentzako, baina oso deseroso bihur daitezke bertakoentzako».
Ekarpenak biltzen
Gaia aldez aurreko kontsulta publikoan dago orain. Oterminek azaldu duenez, edonork egin ditzake ekarpenak, alderdi politikoek zein herritarrek. Martxoaren 8ra bitartean egongo da aukera. HAZ bulegoetan erregistratu behar dira.
Ekarpenak bilduta ekingo dio udalak ordenantzaren lehen zirriborroa idazteari, eta hori osatuta, udalbatzak behin-behinean onartu beharko du. Onartuko balitz, 30 eguneko epea zabalduko litzateke berriz ere interesdunek alegazioak aurkez ditzaten.
Alegazio guztiak banan-banan alde edo kontra ebatzita, behin betiko onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko litzateke indarrean sar dadin.