[Galeria] Elizalde Herri Eskolan hasi dira ihoteak
Elizalde Herri Eskolako ikasleak izan dira zakuak hartzen lehenengoak. Ikastetxeari izena ematen dion auzotik bueltaka ibili dira, musikak lagunduta.
Gaur arratsean hasiko dira, ofizialki, ihoteak. Elizalde Herri Eskolako ikasleek, baina, inoiz baino lehenago jantzi dituzte zakuak. Aurten, gainera, giro goxo batean egin dute, eguzkia bidelagun zutelako.
Ikastetxetik atera dira, eta Elorrondo kalean behera abiatu dira gurdi, traktore eta trikitilariek lagunduta. Bidean, aurpegia ezkutuan zuten xaxatzaileak agertu zaizkie, —literalki— adarra jotzeko. Arizmendi-enea gaur sorginen etxe bihurtu da, eta handik atera dira sorginak saltoka.
Ohi bezala, Done Eztebe plazan bukatu dute desfilea, dantzarekin. Igandean beste zita propio bat izango dute, karroxarekin. 11:00etan aterako da, Beheko Plazatik.