Argi berdea Itsas Festibalaren antolakuntzarako hitzarmenari
EH Bilduk gobernu taldearen proposamenaren alde egin du eta abstentzioarekin erantzun dio Pasaia Ahal Duk
Agintaldia bukatzear dela oso presente izan zuten denek atzoko eztabaidatan. Elkarri kritikatuz baina aurrera. Pasaiako Itsas Festibalaren antolakuntzarako hitzarmena bozkatu zen atzo Pasaiako udalbatzarrean, eta gaiaren kudeaketa oposizioaren gustukoa izan ez den arren, azkenik, aurrera atera da EH Bilduren aldeko botoekin eta Pasaiak Ahal Du-ren abstentzioekin. (Alde: 14; kontra: 0; Abstentzioak: 3).
EH Bilduren ustez politikoki erabili du Izaskun Gomez alkateak Itsas Festibala, eta hitzarmenaren berri aurrez informatu ez izana leporatu zion gobernu taldeari, aurreko astean batzordera deitu izana hitzarmena plenora ekarri ahal izateko “tramite hutsa” izan dela salatuta.
Udal gobernu taldearen erantzuna, zorrotza: ekarpenik egin ezean nekez onartu daitezkeela eta ekarpen bakarra gaia udal hauteskundeak pasatu arte atzeratzea izan dela.
Kritikak elkarri haizatuta, gaiari zerotik heltzea adostu zuten, hitzez behintzat, bi aldeek, Itsas Festibalari bultzada emateko konpromisoa bere gain hartuta, eta hemendik aurrera egin beharreko bidean elkarlanerako prestutasuna agertuz.
Militarrak Jaizkibeldik kanporatzeko mozioa
Atzoko bigarren gai esanguratsua, EH Bilduk militarrak Jaizkibeldik kanporatzeko eskatuz aurkeztutako mozioa. Koalizio abertzalearen bozeramailea Migel Mari Torreak egin zuen mozioaren defentsa, militarrak Jaizkibel mendian lizentziarik gabe lanak egin dituztela gogoratuta eta “lan klandestino” horiek mozioa eragin dutela azalduta.
Jarraian, baina, militarrak Jaizkibelgo tiro eremuan daudenez geroztik izan diren gertaera lazgarrienak ekarri zituen gerora Torreak, Errenteriako gazteen heriotza tartean, eta eskualdean Jaizkibeldik militarrak kanporatzeko helburuz egin diren urratsak gogora ekarrita.
PSE-EEk mozioa puntuka bozkatzea eskatu zuen, eta EH Bilduk onartu. Bost puntutik lautan PSE-EE abstenitu egin zen eta laugarrenean kontra bozkatu zuen. Mozioa, hala ere, aurrera atera zen bai EAJk eta baita Pasaiak Ahal Duk ere alde bozkatu zutelako.
