Ingurumen Saila sor dezala eskatu dio Eguzkik Pasaiako Udalari

Ingurumena udalak dituen beste hainbat sail bezain garrantzitsua dela uste du erakunde ekologistak.

Jaizkibel Asabaratzako itsaslabarrak, lainopean. Argazkia: Virginia Gil Couso.

Hamasei departamentu ditu Pasaiako Udalak, horietatik sortzen azkena Kirol Saila. Eguzki Talde Ekologistaren arabera, baina, larria da oraindik ere ingurumen sailak Pasaian berezko departamenturik ez izatea, eta publikoki luzatu dio ahalik eta azkarren sortzeko eskaera: “Pasaiako Udaleko 2019ko aurrekontuak onartzear daude, eta hauek osatzen dituzten 16 sailen artean Ingurumen Sailak bereizita azaldu gabe jarraitzen du. Agian horrelako aldaketa aurtengo aurrekontuetan gauzatzeko berandu da, baina datorren urtekoan azaltzea ezinbestekoa da”.

Eguzkiren arabera, inork ez du zalantzan jartzen ingurumenak duen garrantzia, baina hitzez garrantzia aitortzea ez dela nahiko ohartarazi du eta asmoak ekintzekin bat etorri behar dutela eman dute aditzera.

Eguzkiren ustez, etorkizunean are garrantzi handiagoa izango dute iraunkortasunari lotutako gaiek, eta erantzuna gizarteak ingurumenean duen eraginaren tamainakoa izan behar duela aldarrikatu dute. Hori dela eta, “hitzetik ekintzetara pasatzea eta ahalik eta azkarren ingurumen saila sortzea” eskatu dute.

 

.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.