Ane Asensio atletak jasoko du Oiartzungo Kirol Saria, IV. Kirol Astean
Hilaren 9tik 16ra ospatuko dute Oiartzungo IV. Kirol Astea. Hogei ekitalditik gora antolatu dituzte, jarduera fisikoaren sustapenarekin lotutakoak denak.
Laugarren urtez jarraian egingo dute, Oiartzunen, Kirol Astea. Kirolarekin zerikusia duten hainbat ekitaldi antolatzen dituzte aste batean, eta aurten hogeitik gora izango dira, mota guztietakoak: ariketa egitekoak, dibulgaziokoak, elikadurari dagozkionak…
Atzo egin zuten aurkezpena, eta, beti kirola ardatz, aniztasun horren isla izan ziren aurkezleak: Enekoitz Markos Kirol zinegotzia, Karmele Irastorza Emarriko kidea, Itsaso Larretxea Laboreko kidea eta Mikel Lopez Abittuko orientatzailea izan ziren zehaztapenen berri ematen.
Markosek azaldu zuenez, astebetez jarduera fisikoari eman nahi diote protagonismoa, batez ere egunerokoan ikusten ez diren kirolei. Kirolak eurak sustatzeaz gain, baloreak sustatu nahi dituztela jakinarazi zuen: “Lehiakortasunaren gainetik, talde lana, osasuna, gainditzea…”. Gainera, azken bi ekitaldietan Kirol Astea pleno aretotik ateratzeko ahalegina egin dela ziurtatu du, eta hori eragileei esker izan dela esan zuen (ikus zerrenda behean).
Aurtengo berritasunei eman zien errepasoa. Alde batetik, Labore Oarsok bat egingo du Kirol Astearekin, eta kirol elikadurari buruzko hitzaldi bat antolatu dute. Bestetik, Abittu programak bere txokoa izango du. Gainera, Emarri dokumentala ikusteko aukera egongo dela berretsi zuen Markosek.
Asensiori aitortza
Kirol Astearen momenturik gorenena Kirol Saria da, eta aurten nork jasoko duen jakinarazi zuten atzoko aurkezpen ekitaldian. Ane Asensio Telletxea atletari aitortuko diote ibilbidea. Atletismo egokitua egiten du Asensiok, Ostadar taldean, baina Haurtzaro Atletismo Taldean hasi zen kirola praktikatzen. Mindarako KIMA programan sartuta dago, halaber. Palmares polita pilatzen ari da atleta gazte oiartzuarra. Momentu honetan, Espainiako txapelduna da kronometratutako frogan, kanporaketan eta taldekako slalomean. Iazko Espainiako Txapelketan bi errekor hobetu zituen. Gainera, aurten boccia kirol olinpikoa praktikatzen hasi da eta handbikearekin entrenatzen jarraitzen du. Parte hartuko duen hurrengo lasterketa Lilatoia izango da (martxoaren 10ean, Donostian). Saskibaloian ere jokatzen du 17 urteko kirolari oiartzuarrak. Enekoitz Markosek Asensio zoriondu zuen, eta modu berean jarraitzeko opatu zion.
Sarirako, 200 oiartzuarrek 27 kirolariren hautagaitzak proposatu dituzte, eta Kirol Aholku Kontseiluak Asensio saritzea erabaki du, egiten ari den ibilbide bikainagatik eta ezberdintasunak kirolari gaztea geldiarazi ez duelako.
Oiartzungo Udalak herriko eragileak eskertu ditu, Kirol Astea antolatzerako garaian erakutsi duten prestutasunagatik.
Oiartzungo IV. Kirol Astea. Egitaraua
Hilak 9, larunbata
- 09:00etatik 13:30era. Eskola Kirola berezia: dantza.
- 18:30ean. Emarriren ate irekiak.
- 19:30ean. Emarri film laburraren emanaldia. Ondoren, solasaldia.
Hilak 11, astelehena
- 10:00etatik 12:00etara. Tipi Tapa ibilaldi topaketa, bidegorriko komunetan.
- 17:00etan. Streetdance saioa, Kontzejupean.
- 18:00etan. Mendi buelta korrika, LH3 eta DBH2 mailetako haurrentzat.
Hilak 12, asteartea
- 10:00etatik 12:00etara. Zirkuitu biosasungarriari buruzko ikastaro praktikoa, Txaran.
- 16:30etik 18:00etara. Eskola Kirola: herri kirolak.
- 18:00etatik 20:00etara. Txirrinden mekanika tailerra.
- 18:30ean. Hitzaldia, kirol elikadurari buruzkoa. Juanan Legorburu eta Xabier Leibarrekin (Laboren).
Hilak 13, asteazkena
- 16:30etik 18:00etara. Eskola Kirola: herri kirolak.
- 16:45etik 17:45era. Gimnasia erritmikoko erakustaldia, Kontzejupean.
- 19:00etan. Mahai-ingurua: mendi lasterketak.
Hilak 14, osteguna
- 10:00etatik 12:00etara. Nordic walking ibilaldia, Elorsorotik.
- 16:45etik 17:45era. Hip hop erakustaldia, Kontzejupean.
- 19:00etan. Pumori filmaren emanaldia.
Hilak 15, ostirala
- 16:45etik 17:45era. Acrosport erakustaldia, Kontzejupean.
- 19:00etan. Kirol Saria eta kirolariekin mahai-ingurua.
Hilak 16, larunbata
- 09:00etan. Mendi lasterketa, helduentzako, Arditurriko parketxetik. (Zalantzan).
- 16:00etan. Eskola Pilotako finalak, Haurtzaro Ikastolan.
- 17:00etan. Spinning maratoia, Kontzejupean.
Parte hartuko duten eragileak: Abittu; BPXSport; Elizalde Herri Eskola; Emarri; Girizia Mendi Taldea; Girizia Mendi Taldea-Intxixu Trail; Haurtzaro Atletismo Taldea; Haurtzaro Ikastola; Kirolaisi eta Labore Oarso.