Jesus Mari Martiarena izango da EAJren alkategaia

Gaur goizean aurkeztu dute bere hautagaitza, Joseba Egibarrek babestuta

Jesus Mari Martiarenaren hautagaitza aurkeztu du EAJk gaur goizean.

Agintaldia martxan zela iritsi zen alkatetzara eta errepikatu egin nahi du. Jesus Maria Martiarena izango da datozen udal hauteskundeetan EAJren alkategaia. Gaur goizean aurkeztu dute bere hautagaitza, Goiko Plazan, herriko jeltzale ezagunek babestuta eta Joseba Egibarren babesaz.

Eskerrak emanez hasi du hizketaldia Martiarenak, alderdikideei lehenik beregan jarritako konfiantzarengatik, eta Joseba Egibarri bigarrenik, bere hautagaitza babesteagatik.

Martiarenaren ustez bere gobernu taldeak gauza asko egin ditu azken agintaldian, eta bidegorriko lanak goraipatu ditu besteen artean. Horiez gain, herria ekonomikoki ondo dagoela nabarmendu eta aurrera begira “gauza asko egin nahi dituztela” gaineratu du, “baina presarik gabe eta ondo”.

Berehala eman dio hitza Joseba Egibarri, eta Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak, atzera begira jarri eta “Lezon, Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala aldaketak merezi izan duela” adierazi du. EAJri esker, “herrigintzan eta politikagintzan giroa lasaiagoa” dela  nabarmendu du eta horri eskerrak “proiektuak aurrera atera” direla gaineratu. “Behetik gora eraiki behar dira herriak”, adierazi du Egibarrek, “hala eraikitzen diren herriak herri sendoagoak” direla defendatuta.

EAJren politikaren ezaugarri nagusiak zerrendatu ditu Egibarrek: “Ekonomia sustatzea, enplegu duina sortzea, justizia soziala bermatzea eta politikoki proiektu gauzagarriak bultzatzea”. Horiek denak aurrera eramateko herritarren konpromisoa beharrezkoa dela esanez bukatutzat eman du bere diskurtsoa, eta Martiarenak herriarekin bezala, herritarrei EAJrekin konpromisoa berritzera eskatu die.

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.