Aniztasun funtzionala dutenentzat laguntzak Lezon
Laguntza jasotzeko dokumentazioa Adeccoren egoitzara bidali behar da, Internet bidez edo posta arruntez. Eskaerak egiteko epea hilaren 20an bukatuko da.
Aniztasun funtzionala duten familientzat laguntzak jasotzeko bidea erraztu du Lezoko Udalak, Adecco Fundazioaren Plan Familia egitasmoaren bitartez. Pertsona horien konpetentziak eta gaitasunak indartzea du helburu programak, autonomia pertsonala eta lan merkatuan txertatze aldera. Laguntzak Lezon erroldaturik dauden, eta zertifikatutako %33 edo gehiagoko desgaitasunen bat duten 0-65 adin tartekoentzat zuzenduta daude.
Lezoko Udalak Adeccorekin elkarlana abiatuko du laguntzak esleitzerako orduan. Udaleko Ongizate sailak eskatzaileen datuak aztertu eta aukeratutakoen zerrenda sortuko du. Martxoaren 20ra arteko epea dago laguntzak eskatzeko; hilaren 25ean emango dira ebazpenak, eta alegazioak apirilaren 1era arte aurkez daitezke. Horiek amaituta hasiko da martxan plana.
Laguntza eskaera, Adeccoren bitartez egin behar da. Bi era daude horretarako:
- Adeccoren webgunean sartuz.
- Dokumentazio guztia honako helbidera bidaliz: Adecco Fundazioa Bilbo. Plan Familia deialdia. Berastegi kalea 5, 2. ezkerra. 40001 Bilbo.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da:
- Eskatzailearen edo dagokion tutorearen NANa edo pasaportea.
- Eskatzailea Lezon erroldaturik dagoela baieztatzen duen ziurtagiria.
- Desgaitasuna baieztatzen duen ziurtagiri ofiziala edo osotasun graduko ezgaitasuna
baieztatzen duen erresoluzioa. - Lan eskatzaile ziurtagiria (adineko pertsonek).
- Azken errenta aitorpena (salbuetsitako pertsonak ezik).