[Emaitzekin] Munttarpe, txapeldun!
Munttarperen gizonen taldeak, larunbatean Urnietari irabazita, bere eskuan ditu Lehen Nazionalerako igoera fasea, eta Gipuzkoako Lehen Mailako Liga.
Munttarperen gizonen taldeak 29-28 irabazi zion larunbatean, Bekoerrotan, Urnieta taldeari. Oso garaipen garrantzitsua: Gipuzkoako Lehen Mailako txapeldun dira, eta aldi berean, Lehen Nazionalera igotzeko fasera sailkatu dira. Beraz, egiten ari diren sasoi bikainari lehen ginga jarri diote lezoarrek, lehenengoz lehian izan dira bertan igoberri zirelako, eta nagusitasunez lortu dute txapela liga bukatzeko hiru jardunaldiren faltan. Bigarrena, eta helburu nagusiena beharbada, mailaz igotzea izango da. Baina hori beste kontu bat da.
Hasieratik, partida latza izan zen larunbatekoa. Norgehiagokaren hasieran bata zein bestea gogor aritu ziren lehian, eta berdinketak, edo alde baterako edo besterako gol bateko aldeak asko izan ziren. Partidaren azken minutuetara arte izan zen estuasun hori, eta azkenean, Munttarperen alde markagailua 60 minutuak bukatzean. Garaipen oso landua, minutuz minutu borrokatutakoa. Baina lortutakoa, itzela. Handia Munttarpe. Orain, igoeraren bila! Igoera fasean Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako taldeak izango dituzte aurrean, ligaxka erako konpetizioan.
Futbolean, Allerruren gizonen talde nagusiak 2-0 galdu zuen Real Union Bren zelaian. Martxoa gaizki doa lezoarrentzat. Horrela, irundarrek Allerru gainditu egin dute sailkapen nagusian, eta 15. jarri dira Lezokoak jaitsieraren marra gorria markatzen duen Deusto Donostiatik 5 puntura (23 puntu dituzte donostiarrek). Hurrengo partida etxean dute zuri-berdeek, Oiartzunen kontra. Eskualdeko derbian, garaipena ezinbestekoa da.
Areto futbolean Jaixkik erraz gainditu zuen Bekoerrotan Eskoriatza (11-3). Gaintxuk, berriz, 4-0 galdu Orixe Tolosaldearen kantxan. Jaixkik, beraz, ezin izan dio Gipuzkoako Lehen Mailako lidergoari hozkada eman, etxeko lanak egin bai, baina Orixe Tolosaldeak Gaintxuri irabazi izanak ez duelako iraulketa ahalbidetu. Kategoria horretan lider jarraitzen dute tolosarrek, Jaixkirekiko puntu bakarreko aldearekin.
Kurkubi Saskibaloi Klubak etxetik kanpo galdu egin zuen, Take Coachen kantxan.
Jarraian, Lezoko kirol talde guztien emaitzak zerrendan:
FUTBOLA
Gizonen Ohorezko Erregional Maila
- Real Union B-Allerru 2-0
Emakumeen Gorengo Maila, Kopa
- Allerru-Bergara 9-2
Gizonen Gazteen Ohorezko Maila
- Allerru-Mariño 3-1
Gizonen Gazteen Lehen Maila, Kopa
- Allerru-Landetxa 7-0
ESKUBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Munttarpe-Urnieta 29-28
Emakumeen Gipuzkoako Liga, Igoera Fasea
- Atseden zuen Munttarpek
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Jaixki AFT-Eskoriatza 11-3
- Orixe Tolosaldea-Gaintxu AFT 4-0
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Maila
- Take Coach-Kurkubi SBK 54-45