'Gara'-k Gizarte Segurantzarekin duen zorrari aurre egiteko kanpaina aurkeztuko dute
GARAren lagunak gara taldeak antolatu du hitzaldia. Ostegunean egingo dute, liburutegian, eta Ariane Kamio egunkariko kazetaria ariko da hizketan.
Gara egunkariaren gain jarri zuten Egin egunkariak Gizarte Segurantzarekin edukiko lukeen zorraren pisua. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak Gara Egin-en ondorengoa zela ebatzi zuen, duen ondorioekin. Egunkariaren zuzendaritzak akordio bat hitzartu zuen Gizarte Segurantzarekin, zorra ordaintzeko. Hiru milioi eurokoa izango da, milioi erdia sei hilabetero.
Ez da erronka makala, eta Gara egunkariak esan duenez, 10.000 harpidedun behar dituzte Euskal Herrian. Horregatik, herriz herri mugitzen hasi dira. Oiartzunen kasuan, GARAren lagunak gara taldea sortu dute, eta bilera egingo dute datorren ostegunean, hilak 28.
Harpidetu etorkizunera kanpainaren berri emateko, egunkariko kazetari bat gonbidatu dute. Ariante Kamio izango da hizlaria. Saioa Manuel Lekuona bibliotekan izango da, 19:00etan hasita.