Gazteen Korrikako kilometroa finantzatzeko truk txapelketa, ostiralean
Ostiral gauean elkartuko dira Kataxulo Gaztetxian. Lehenengo hiru bikoteentzako sariak egongo dira, euskararekin lotutakoak denak.
Apirilaren 12an, gauerdia baino lehen, iritsiko da Korrika Oiartzunera. Eragile askok beren kilometroa erosi dute, eta beste batzuk finantzazio bila ari dira. Gazteen kasua da hori, esaterako.
Ostiral arratserako —hilak 29— truk txapelketa antolatu du Oiartzun Guk taldeak, Kataxulo gaztetxian. 22:00etan zabalduko dute bikoteek izena emateko epea, bost euroren truke, eta Oiartzunen hain errotuta dagoen karta joko txapelketa ordu erdi beranduago hasiko da.
Euskara bultzatzeko iniziatiba izanik, sariek euskararekin lotura izango dute. Horrela, lehenengo postuan geratzen den bikoteak 21. Korrikako peto bana jasoko du, eta AEK-ren bi kamiseta.
Bigarrenek, berriz, Oiartzun ardatz duen Paeta zaharrak erantzun jokoa eskuratuko dute. Hirugarrenek, berriz, Errigorako produktuak eta sagardo botila kaxa bat eramango dituzte.