Bidegorriko zati bateko argiteria aldatzeko hitzarmena onartu dute
Martxoko osoko plenoan aztertu dituzten gai guztiak aho batez onartu dituzte. Pikabeneko etxe jabeek eremu bat udalari laga diote, dohainik.
Martxoari dagokion plenoa egin zuten atzo arratsean, hamar puntuko gai zerrendarekin. Gai guztiak aho batez onartu zituzten. Otsaileko plenoan mahai gainean utzi zuten gai batekin hasi zuten udalbatzarra: aldundiarekin akordio bat sinatzea onartu zuten, bidegorriko argiteria eraberritzeko. Altzibar eta Ugaldetxo arteko tartean egingo dituzte aldaketak, eta 404.000 euro inguru kostatuko du; aldundiak 145.000 euro jarriko ditu.
Musika sustatzen duten bi elkarteri laguntzak izan ziren hurrengo aztergaiak. Oidultz eta Oiartzungo Flauta Taldeari Madalensoro pilotalekuko bigarren solairuan lokal bana utziko diete, lau urterako. Flauta taldeak, gainera, 5.600 euroko diru laguntza jasoko du, urtean zehar egiten dituen ekitaldiak aurrera eraman ahal izateko.
Xorrola autobus zerbitzuaren kontratua, berriz, esleitu behar dute. Pertsonen garraio enpresek 35 egun izango dituzte horretarako, betiere kontratazio espedientea argitaratu ondoren.
Bestalde, Pikabene etxadiko 35 etxejabeek 10.000 metro koadrotik gora laga dizkiote udalari, ezeren truke. Erabilera publikora bideratuko dituzte.