Eguzkik eskatu du Altzibarko presa hondarrak eraisteko
URA Agentziari eskatu diote eraisteko. Helburu hidroelektrikoekin eraiki zuten , eta eremuak aspalditik argindarrik sortzen ez duela gogorarazi dute.
Eguzkik eta Rios con Vida taldeek URA Agentziari eskatu diote Altzibarko presa hondarrak eraisteko. Gainera, bere garaian estatuak helburu hidroelektrikoekin emandako kontzesioak bertan behera uzteko eskatu dute.
“Kontzesioa aspaldi ez da argindarra sortzeko erabili”, esan dute talde ekologistek. “Logikoa da erakunde publikoek eskubideak berreskuratzea eta ibaian barrena arrainen mugimendua zailtzen duten presa-hondarrak kentzea”, jarraitu dute. Oiartzun ibaiaren kasuan, “are logikoagoa” dela iritzi dute. Izan ere, habitata lehengoratzeko lanean ari dira, eta izokinen eta aingiren populazioak ugaltzeko ahaleginak egiten ari dira.
Bi talde ekologistek adierazi dutenez, ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea ibaiak hobetzeko bidean ezinbestekoak dira. “Are gehiago ez baldin badira erabiltzen”, zehaztu dute.