Joxepa Anttoni Aranberriri buruzko ariko dira, emakumeen ahotsa gizonen plazara eraman zuena
Elixabete Perez Gazteluk hitzaldia emango du hilaren 11n, Killirikupek antolatuta, Errenteria-Oreretako bertsolaria buruzkoa. Heterodoxoa izan zen bere garairako.
Killirikupek antolatuta, Elixabete Perez Gazteluk hitzaldia emango du hilaren 11n. Joxepa Anttoni Aranberri Xenpelar (Errenteria-Orereta, 1865-1943) bertsolaria izango du hizpide, Joxepa Anttoni Aranbarri Xenpelar: bertsolari feminista? izenburupean.
Galdera horri erantzungo dio Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Perez Gazteluk berak azaldu duenez, emakume bertsolariak egon dira historian zehar, baina ez direla bertso asko iritsi. “Zorionez”, zehaztu du, “emakume honen bertso batzuk iritsi zaizkigu. Hitzaldiaren helburua da, nolabait, biziberritzea emakume honen lana, eta erakustea emakume bertsolariak bazirela”.
Utzitako ondare horretan jaso denez, bertso batzuetan, gaurko ikuspegitik begiratuta, feminismoari mesede egin ziola uste du Perez Gazteluk, eta emakumeen ahotsa gizonen plazara eraman zuela. “XX. mendearen hasieran, gure mundu ttiki honetan, ez zuten izango horrelako adorerik gizonen mundu horretan aritzeko, gizon batzuen argudioen kontra egiteko”.
Fabrikako langile
Emakume bertsolari izatea ez zen Xenpelarrek zuen ezaugarri berezi bakarra. “Emakumea kaletarra zen, eta gainera fabrikako langilea, Santa Klara kalean zegoen liho fabrikan. Osaba —Xenpelar— eta emakume honen ama ere bai hango langile izan ziren, eta bertsolariak ere izan ziren. Ama osabarekin batean hil zen, baztangagatik, eta ia ez zuen ezagutu”.
Perez Gazteluren arabera, badirudi bertsolaritza nekazaritza munduarekin lotuta dagoela, eta emakumeen kasuan, gainera, sukaldearekin. “Aranberriren kasuan ez da horrela; aldarrikatzeko modukoa da, beste gauza batzuk alde batera utzita. Oso erlijiosoa zen, baina dena bere garaiaren testuinguruan ulertu behar da”.
Horregatik, oharkabean feminista izan zela esaten du, baina termino hori gaur egun erabiltzen dela. Adibide bat jarri du: “Berak eztabaida handia izan zuen aldizkari bateko pertsona batekin, eta bazekien neskazaharren ahotsa eramaten ari zela. Hor estereotipo bat pikutara bat bidaltzen saiatzen da… Ez zuen oraingo terminologia erabiltzen, baina saiatzen da estereotipoak hausten. ‘Neskazaharrak gara hala nahi dugulako’ esatea asko xamar esatea da”.
Horrela, emakume horiek —neskazaharrak— subjektu bihurtzen dituela nabarmendu du Perez Gazteluk: “Ez da bertso gaia —objektua— baizik eta subjektua. Bere ahotsaren bitartez, bere buruari buruz kantatzen du”.
Xenpelarren figura aldarrikatzea ez dute emakumea delako bakarrik egingo. Oso bertsolari ona zela goretsi du Perez Gazteluk, eta bere garaiko hainbat gairi kantatu ziola: “Fabrikan aritzen zen bertsotan, gizarte gaiak ere hartu zituen, 1914ko Gerra Handiari buruzko bertsoak ere baditu… Esan nahi dut: ez zen sukalde zokoan bizi, gizartean bizi zela”.
Perez Gazteluk hilaren 11rako saiorako gordeko ditu kontu horiek eta gehiago. Entzun nahi dituenak, Oiartzungo pleno aretora jo beharko du. 18:30ean hasiko da.