Oiartzungo familia bat etxetik ez kaleratzeko eskatu diote Santander bankuari
Oiartzuar batek zuen dendaren egoera zela eta, etxearen alokairua ezin izan zuen zortzi hilabetetan ordaindu. Stop Kaleratzeak-ek bost urteko gabezia bat sinatzea eskatu dio bankuari.
Gipuzkoako Stop Kaleratzeak-ek agerraldia egin du gaur eguerdian, Donostiako Santander banketxearen egoitza nagusian. Bertan zen Txema, Oiartzunen bizi dena eta etxetik kaleratua izateko arriskua duena. Eskaera bat utzi dute banketxean: bost urteko gabezia bat sinatzea eta, ondorioz, kaleratzeko demanda kentzea. Demanda hori bertan behera utzia du, behin-behinean, Gipuzkoako Auzitegiak.
Kaltetuak denda bat zuen Donostian, eta ez zuen behar beste diru ematen. Horregatik, 2017an Santander bankuarekin zuen etxebizitzaren hipotekaren zortzi kuota ez zituen ordaindu. Stop Kaleratzeak-en arabera, bankuak ez zion eskaini bost urteko gabezia bat, Praktika Bankario Onen Kodeak pertsona edota familia zaurgarrientzako ezartzen duen bezala. Banketxeak demanda bat aurkeztu zuen, zuzen-zuzenean, kaleratzeko.
Gipuzkoako Auzitegiak behin-behinean bertan behera utzi zuen, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpen bat egon arte. Europako auzitegia mintzatu da, eta bertan behera dauden kasuak berriro aktibatuko direla aurreikusi dute. Horrela, Stop Kaleratzeak-ek nahi du banketxea eta bezeroa akordio batera iristea, kaleratzearen auzi-jartzea ken dezaten.
Kaleratzeen aurkako elkarteak kaltetuari aholkularitza eman ondoren, bankuak gabezia bat eskaini zion Txemari. Hori bai, kredituaren kapitalari gehitu zizkioten ordaindu ez zituen zortzi kuota horiek. Stop Kaleratzeak-ek uste du gehiegikeria egin dutela horrekin, eta demanda kentzeaz gain, kapital handitze hori kentzea eskatu diote.
Agerraldian hainbat mugimendutako kideek agertu diote babesa, tartean Oiartzungo Udaleko ordezkariek.