"Bide eder hau" urratzen jarraitu nahi duen taldea aurkeztu du EH Bilduk
EH Bilduk bere zerrenda aurkeztu du, ekitaldi jendetsu batean. Kudeaketan eskarmentutakoak, aurpegi berriagoak eta alor askotako ordezkariak bildu ditu.
EH Bilduren zerrendaburua Aizpea Otaegi Mitxelena izango dela jakinarazi zuten duela bi hilabete, eta gaur bere atzetik —edo berarekin batera— joango direnen izenak jakinarazi dituzte.
Udal hauteskundeei begira ari dira alderdi eta koalizio guztiak, data garrantzitsuak dituztelako datozen hilabetetan. Lehenengoa, apirilaren 28an. Egun horretan egingo dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta horri begira, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak hauteskunde horretan jokoan dena laburbildu du.
Eskuineko indarrek Espainiako estatuan “inboluzioa” eragiten ari direla salatu du Kortajarenak, eta urte askotan borrokaren bitartez irabazitakoa “mehatxatuta” dagoela. Horri aurre egiteko, txalotu du EH Bilduk aliantza estrategikoak lotu izana. Madrilera hiru eskakizun nagusirekin joango direla azaldu du Kortajarenak: “Autodeterminazio eskubidea; preso politikoen askatasuna eta justizia soziala”.
Koalizio ezkertiar eta subiranista erabakigarria izango dela iragarri du, aste honetako bozketak gogoraraziz. Gainera, euskal herritarren interesak defendatuko dituztela azaldu du: “Merkadilloa bukatu da”. Errenteria-Orereta eredu moduan jarri du, eta Otaegi bera parafraseatu du: “Posible zenaren kartzela hautsi da Oreretan, eta Madrilen hala izango da”.
Errenteria-Oreretako hautagaiak
Madrilera begira zeuden prismatikoak jaitsi, eta herriko kontuei buruz aritu dira Kortajarenaren txandaren ondoren. Zerrendako izenak banan-banan aurkeztu dituzte —era ez-ordenatuan—, eta hautagai bakoitzak hurrenaren soslai bat zirriborratu du. Udalean jarraituko ez duten Julen Mendoza, Jaione Karrikiri eta Jon Txaskori lore bana opari dizkiete gobernu taldekide izan dituztenek.
Aurkezpen txikia baino gehiago egin duena Aizpea Otaegi izan da. Aitzol Gogorzaren familiari besarkada bat helarazi dio lehendabizi. Ondoren, Errenteria-Orereta nola aldatu den zerrendatu du: “2011tik pasatako urteek balio izan dute herritar eta eragileek elkarrekin marrazteko zer motatako herria nahi dugun. Balio izan dute jendearen beharrizanei eta ezberdinen arteko elkarbizitzari zentralitatea emateko. Balio izan dute kolektibitate berri bat eraikitzeko”.
Gainera, esan du eraldaketa hitza betiko lotuta egongo dela honako terminoekin: ahalduntzea, hiritartasuna, iraunkortasuna, berdintasuna, ikasketa… “Eta”, jarraitu du Otaegik, “batez ere, ahal dudanean erabiltzen dudan zita gogoraraziz, posible denaren horma hertsiak gainditzeko”.
Gaineratu du —”harrotasunarekin, baina harrokeriarik gabe”— herriak eta herritarren bizitzak hobera egin dutela. “Gaur gure herria, herri bizia da, kulturalki eta sozialki aberatsa, herritarren bizi-baldintza duinak babesten dituena eta bizikidetza erdigunean jartzen duena”, estimatu du, orain arte lanean aritu direnei eskerrak baino lehen.
“Bideari ekarpena egin”
Arlo pertsonalagoan, hautagaitza publiko egin zuenetik babes handia jaso duela ziurtatu du Otaegik, eta gehien errepikatu dioten hitza “animo” izan dela. “Gerrara noala dirudi”, esan du txantxetan. “Abiatutako bide ederrari nire ekarpena egin ahal izatea da alkategai izatea, baita herri berria eraikitzen jarraitzea”. EH Bilduk politikari duintasuna ematea lortu duela azpimarratu du alkategaiak.
“Herri hau”, jarraitu du, “herritar askoren eguneroko konpromisoaren ondorio da; pentsionistena, feministena, sindikalistena, zaintzaileena, etorkinena, gazteena… eta gu guztion konpromisorik gabe, eguneroko bizitzaren politizaziorik gabe, herri hau ez litzateke”. Bizitza pribatuetatik harago doan bizitza bat eraikitzea eskatu du. “Gutasun bat, finean”.
Hainbat ardatz xehatu ditu: gazteei etorkizun duina eskaintza; zaintza lanen berrantolaketa; herrian bizi nahi dutenei harrera egitea, arrazakeriari aurre eginez; kultura matxistari aurre egitea; kultura eta ikasketari irismena unibertsala izatea; euskararentzako testuinguru positiboak sortzea… “Eta hori guztia bideratzeko, udalak gobernantza demokratikoan sakondu behar du”.
Jokoan asko dagoela ohartarazi du: “Asko dago jokoan, batzuk imaginatzeari utz diezaiogun nahi dutelako; asko dago jokoan, alternatiba txarra delako; asko dago jokoan, argi utzi dugulako EH Bilduren herriaren eta herritarren bizimodua hobetzen dela; eta, batez ere, asko dago jokoan, bide eder hau hasi besterik egin delako”.
Zerrenda
- Aizpea Otaegi.
- Alazne Korta.
- Itziar Ostolaza.
- Eñaut Gracia.
- Bernar Lemos.
- Garazi Lopez-Etxezarreta.
- Eneko Del Amo.
- Joxe Ramon Gurrutxaga Txokolo.
- Miren Arbelaitz.
- Iñaki Queralt.
- Iasone Parada.
- Iñaki Arrieta Llopis.
- Loli Amiano.
- Unai Oiartzabal.
- Elena Mendia
- Eneko Gil.
- Eli Pescador.
- Mikel Martin Conde.
- Begoña Azkarate.
- Jaione Karrikiri.
- Julen Mendoza.
- Olaia Galfarsoro (ordezkoa).
- Mikel Lizarralde (ordezkoa).
- Tina Diaz (ordezkoa).
- Maria Izquierdo.