[Galeria] Oiartzunera etorri berri direnak beso zabalik hartu dituzte
Abaraxka ludotekan elkartu dira, herrira etorri direnei harrera saio xume bat egiteko. Ekitaldia askari batekin bukatu dute.
Gaur arratsaldean Oiartzunera etorri berri direnei harrera egin diete Abaraxka ludotekan, udalak antolatzen duen ekitaldian. Han jaiotakoak, hemen jaiotakoak, haurrak, gurasoak, azal kolore argikoak, ilunekoak eta egon daitezkeen ezberdintasun guztiak alde batera utzi, eta denek komunean dutena azaleratu da: Oiartzunen bizitzea.
Ekitaldi xumea izan da. Ibargainego flautistak hurbildu dira Abaraxkara, musika pixka bat eskaintzera. Ondoren, ludotekan duten mapamundian bakoitzak bere jatorrizko herrialdea adierazi du. Horrez gain, udaleko ordezkariek jaso ditzaketen zerbitzuen berri eman diete, modu laburrean, eta etorri berriei eskainitako bideoa erakutsi diete. Euskarak Oiartzunen duen garrantzia ere nabarmendu nahi izan dute, eta 10301 Elkartasun Keinu proiektua aipatzea ez dute ahaztu.
Ekitaldia bukatzeko, ludotekaren aterpea utzi, eta kanpora atera dira, goxo ari zuelako. Bertan zain zeuden patata tortillak eta beste hainbat jaki, batzuk euskal gastronomiarekin zerikusi gutxi dutenak. Elkar ezagutzeko parada izan dute orduan. Eta gaurtik aurrera, aukera gehiago izango dituzte.