Irailaren 16an hasiko da Ostolaza, Ugartemendia eta beste 45 pertsonen kontrako epaiketa
Euskal presoei babesa emateagatik 47 euskal herritar auzipetu dituzte, 2013an hasitako operazioaren harira. 11 eta 21 urte arteko zigor eskaerak dituzte.
Euskal presoei babesa emateagatik 47 euskal herritar epaitzen hasiko dira irailaren 16an, gaur jakinarazi dutenez. Tartean dira Onintza Ostolaza oiartzuarra eta Manu Ugartemendia oreretarra. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte, eta 11 eta 15 urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete. Ostolazaren kontra 21 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak, eta Ugartemendiaren kontra 14 urte eta erdi.
Auziak 2013ko irailean hasitako polizia operazioetan du jatorria : 11/2013 sumarioa. Eloy Velasco epaileak egin du instrukzioa, “ETAren espetxe frontea” osatzen dutela leporatuta, eta fiskaltzak bere egin du akusazio hori.
Auzipetuak arlo hauetan ibilitakoak dira: EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari gisa arituak, presoei asistentzia juridikoa ematen dieten abokatuak, osasun asistentzia ematen dietenak —Jaiki Hadi elkarteko mediku eta psikologoak—, senideak —Etxerat elkarteko kideak—, eta Herrira-n presoen giza eskubideak aldarrikatzen ibilitakoak.