"Donostiatik kanpo sortu zen lehen ikastola izan zen nik Antxon zabaldu nuena"
Kontxita Beitia, Pasai Antxoko lehen ikastolaren sortzailea
Pasaiako lehen ikastolaren sortzailea izan zen Kontxita Beitia Oiarbide (Pasai Antxo, 1940), andereño aitzindarietakoa, Elbira Zipitriarekin hezitakoa. Antxoko Korrika batzordeak gonbidatuta, AEK-ko Txirrita euskaltegian izan da, ikastolen sorrera garaiak gogoan, bere bizipenak partekatzen.
Nola hartu duzu Korrika batzordearen gonbidapena?
Oso gustura. Niri asko gustatzen zait lehengo gauzak kontatzea eta gaur egungoak aztertzea. Ez naiz batere ezkorra, eta euskararekiko ere ez.
Egia da euskara ez dela hitz egiten nahi genukeen adina, baina beste momentu batzuk ere bizi izan ditugu, eta orduan bai ez genuela hitzik ere entzuten. Nik galdu egin nuen nire euskara, nahita. Bizi egin nahi nuen, eta oso gaizki sentitzen nintzen, oso gaizki ikusia zegoelako euskaraz hitz egitea. Ikaragarria izan zen.
Ikarak ikara, gerora etxean sortu zenuen Antxoko lehenengo ikastola, 1960. urtean. Nolatan?
Magisteritza 1957. urtean bukatu nuen. Hemen [Pasai Antxon] orduan urtasundarrak bizi ziren, eta alaba Elbira Zipitriaren ikastolara eraman zuten, Donostiara. Nire aita haien ezaguna zen, eta nik Magisteritza ikasketak bukatu nituenean urtasundarren aitak, nire asmoen gainean galdetu zion aitari. Hark proposatu zion nik Antxon ikastola zabaltzea.
Aitak galdera egin zidanean nik oso urruti ikusten nuen hori guztia, lehenik eta behin ez nekielako euskaraz eta Elbira zein zen ere ez nekielako orduan. Azkenean, baina, harekin hitz egitea erabaki nuen, familiak animatuta. Hitzordua jarri genuen eta Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakiko 2. pisura joan nintzen.
Euskaraz ez nekiela kontatu nion Elbirari, bi urte zela euskara batere egiten ez nuela, eta berak zalantzarik gabe erantzun zidan: ‘Ez dago arazorik. Bi urte pasatu beharko dituzu euskara ikasten, baina bi urtean ikastola jarriko duzu’.
Zipitriak, ikastola eramateaz gain, iluntzetan helduentzako klaseak ematen zituen —hark sortu zuen, besteak beste, nor-nori-nork sistema—, eta esan zidan urtebetez klase horietara joan behar nuela, eta bigarren urtean, iluntzeko klase horiez gain, egun osoa pasa beharko nuela bere ikastolan praktikak egiten, kontua ez baitzen bakarrik euskara ikastea. Irakasteko sistema berri oso bat ikasi nuen harekin, oso bestelakoa, oso logikoa.
Plan hori egin zidanez, nik ez nuen bitan pentsatu, nahiz eta nire asmoa garai hartan Ingalaterrara joatea zen. 17 urte besterik ez nituen, baina Elbirarekin topo egin eta nire bizitza guztia aldatu egin zen. Hark esan zidan ikastola nire etxean jarri behar nuela, eta Antxokoa izanda, Antxon behar zuela. Donostiatik kanpo sortu zen lehen ikastola izan zen nik Pasai Antxon zabaldu nuena.
Nola gogoratzen dituzu Antxoko hastapen horiek?
Lehen urtean bost ikasle izan nituen: Urtasunen semea eta bi iloba, landatarren semea eta Oreretako Joxemi Zabala; ikasturte erdian, Herreratik Iñaki Esnal etorriko zen, Jesus Esnalen semea.
Bost ikasle lehen urtean, hamabi bigarrenean, 30 hirugarrenean… eta ja hortik gora taldeak egin behar. Gainera, bi orduko saioak ziren bakarrik, delegaritzak hamar haur baino kopuru txikiagoko taldeak zirenean, eta bi orduko saioak izanik, klase partikular gisa hartzen zituelako.
Nire etxean, nire logelan hasi ginen. Jasotzen genuen ohea eta han, geratzen zen leku apur hartan, banuen mahai bat gauzak egiteko. Arbela handi bat jarri genuen, eta gero, lurrean eserita, Xabiertxo-rekin, arkatza beltza, gorria eta urdina, eta blok zuria. Horiek ziren genituen baliabide guztiak.
Zu, Elbira Zipitria bezala, haurrekin bakarrik ez, helduak euskalduntzen ere aritzen zinen Antxon. Nola gogoratzen duzu garai hartako giroa?
Bai, urte berean hasi nintzen helduekin. 1960. urtean giroa erdalduna zen zeharo. Inork ez zuen euskaraz hitz egiten. Ikasleak aurkitzeko, adibidez, nire ama merkatura joaten zenean erosketak egitera, han entzuten bazion norbaiti euskaraz hitz egiten baserritarrekin, galdetu egiten zien ea seme-alabak zituzten, eta ikastolaren berri eman. Horrela lortu genituen lehen ikasle haiek.
Bost urte Antxon, eta ondoren Grosera, Zurriolaren sorrerara.
Nik Antxoko ikastolan bost urte egin nituen, baina Donostiara joatekoa nintzenez, laugarren ikasturtean beste andereño bat etorri zen Idiazabaldik, Nekane Auzmendi. Hark beste taldetxo bat hartu zuen, Oarso kalean gela bat alokatuta, eta ni Grosera.
Han, nire amak aurretik Antxoko merkatuan bezala, ni Groseko parkean. Ordurako bi ume banituen eta parkera joaten nintzenean euskaraz entzun orduko eta baita entzun gabe ere, eseri egiten nintzen bankuan, eta amei komentatzen nien. Hori izan zen ikasleak lortzeko nire metodoa, kartelik-eta ezin genuelako jarri.
Hala ere, gure gelak segituan hasi ziren betetzen. Nik uste dut orduan jendearen abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna berpiztu egin zela, eta horrek suposatu zuela pentsamendu politiko jakin bateko pertsonak guregana hurbiltzea. Hori ere oso garrantzitsua zen, ordura arte bakoitza bere aldetik zebilelako. Mugimendu politiko bat izan zen, argi eta garbi. Gu ez ginen kontziente zer egiten ari ginen, baina gero ikusi da mugimendu abertzale, ezkerzale eta independentista izan zela. Guk egiten genuen gure mapa, guk egiten genuen gure ikurrina, eta askotan, ikurrina egiten baldin bagenuen, ikasleei esaten nien poltsa bat ekartzeko eta ezkutatzeko, sekulako beldurrarekin.
Ez zen erraza izango garai hartan horrela lanean aritzea.
Ez, ez. Guk esaten genuen clases de idiomas ematen genituela, eta zein hizkuntza erakusten genituen galdetzen zigutenean, nik zera esaten nien: ‘frantses pixka bat, euskara pixkatxo bat…’, baita nire lagunei ere, ordurako mugimendutxo bat bazelako eta hura arriskuan ez jartzeko.
Ni Antxora etorri nintzenerako, Donostian ja sei-zazpi ikastola bazeuden, eta Donostiara joan nintzenerako, Andoainen, Oreretan… Arantxa Idiazabalen aita-eta etorri ziren niregana Antxon nengoela Oreretan ikastola sortzeko asmoz, eta horrela izan zen leku guztietan. Mugimendua Donostian sortu zen, baina berehala zabalduz joan zen, fraide batzuen inplikazioarekin. Elizaren laguntza ezinbestekoa izan zen gerora legalizazioa lortzeko. Bestela ezinezkoa izango zen. 1960tik 1968ra bilakaera handia izan zen. 1960ko hamarkada oso indartsua izan zen.
Bi hamarkada geroago sortu zen Korrika. Zuk hastapen horiek nola gogoratzen dituzu?
Lehenengo Korrika ni haurdun nengoela izan zen eta ez nuen parte hartu, baina bigarrenarekin hasi nintzen oso sendo parte hartzen, eta ordutik aurrera nire genetikan sartu zen erabat.
Zer da zuretzat Korrika?
Nik uste dut euskarari ematen diogun askatasun bizitza dela, herriarengana eta herri guztietara iristen den mugimendu bakarra.
Nik Korrikarekin disfrutatzen dut ikaragarri eta ahal baldin badut beti joaten naiz hasierara. Jainkoa lagun Garesen izango naiz aurten. Beti joaten naiz hasierako ekitaldira. Lehen bukaerara joaten nintzen, baina halako pena ematen zidan, bukatu eta bakoitza bere aldera, normalizaziora, ikaragarrizko pena, eta erabaki nuen ez nintzela joango gehiago bukaerara. Baina hasierara bai, beti joaten naiz, eta gainera askotan zailtasun handiekin.
«1960. urtean
giroa erdalduna zen
zeharo. Inork ez zuen euskaraz
hitz egiten»
Nire senarrak ezin zuen ia ibili, baina, Urepelera joan ginen, adibidez, eta gero han geratu ginen, ezin atera sei orduz, antolakuntzako batzuek lagundu gintuzten arte.
Nire senarra ere Korrikaren zalea zen, eta oso oroitzapen politak ditut, esaterako, Erriberara joan ginenekoak, duela 20 bat urte, txalapartarekin, barbakoa batekin… Han, Erriberan, 20 kilometrora bazegoen ere Korrika zetorrela entzun egiten zen. Kilometro bat-edo erosi, eta auskalo zenbat korri egin, 30 bat edo bai, Tafallako suhiltzaileek txanda egin ziguten arte. Seguru asko Erriberan gaur egun errazagoa izango da dena, zorionez.
Aurtengo Korrikarako zein asmo dituzu?
Garesera joango naiz irteera ikustera, eta handik Lizarrara, egun berean. Hernanin [han bizi da Kontxita Beitia gaur egun] Dinokorrikan parte hartuko dut. Orain dela bi urte egin genuen lehenbizikoz Dinokorrika, —adinekoen Korrika— eta ni omendu ninduten. Aurten ere han izango naiz, Hernaniko Dinokorrikan, apirilaren 12an, 16:00etan. Donostiara eta Idiazabalera joateko asmoa ere badut. Nire senarra iaz hil zen, eta kanposantura joango naiz eta Korrikako petoa jarriko diot.