Arrakastaz egin dute Bizardiaren XL. ibilbide neurtua
171 lagun bildu dira Errenteria-Oreretatik pasatu den ibilaldian, horietatik 125 oiartzuarrak. Gurutzeko elkartean egin dute ohiko hamaiketakoa.
Pasa den asteburuan, hilak 14, 171 lagun goiz-goiz jaiki ziren Bizardia elkarteak urtero antolatzen duen ibilaldi neurtua egiteko. Aurtengo ekitaldia biribila izan da, eta ez bakarrik 40. aldia izan delako: eguraldi ona lagun izan zuten, eta “arrakasta” izan zela aipatu dute antolatzaileek.
125 oiartzuarrek parte hartu zuten ibilaldian, eta hamasei izan dira Irundik hurbildu zirenak, eta beste hamar Errenteria-Oreretatik. Bisitari exotikoagoak izan ziren: Bermeotik etorriak, Aretxabaletatik, Zumarraga, Deba, Azpeitia, Sondika… eta bi argentinar.
Gehienek lauzpabost ordu behar izan zituzten ibilbidea egiteko. Iristen lehenengoak bi emakume izan ziren, eta buelta osoa egiteko denbora gutxien behar izan zuena 70 urte inguruko gizona izan zen.
“Datorren urtean berriro etorriko direla esateak jarraitzeko bultzatzen gaitu”, adierazi dute antolatzaileek. Eta iragarri dute datorren urtekoa prestatzen hasita direla jada.