Eskola publikoaren festaren abestia eta bideoklipa engranatu dituzte
Euskal Eskola Publikoaren 28. festaren leloak bezala, 'Makina bat taupada' izena jarri diote abestiari. Errenteria-Oreretan grabatu dute bideoklipa.
Gaur aurkeztu dute Euskal Eskola Publikoaren 28. festaren abestia eta bideoklipa. Makina bat taupada jarri diote izena abestiari. Oneka Oliverik idatzi du letra, Yon Figueroak konposatu du musika, Arkaitz Miner musikariak koordinatu du musikaren arloa, eta hainbat musikari eta abeslarik parte hartu dute abestian.
Bideoklipa, berriz, Gotzon Santaolayak zuzendu du. Errenteria-Oreretan grabatu dute, eta herriko kaleez gain, Papresako teilatuan grabatu dituzte zati batzuk. Oiartzun ibaiari ez diote bizkarrik eman, eta bertatik etorri da Lekeition iaz egin zen festaren lekukoa. Aktore lanetan, berriz, Oarsoaldeko eskola publikoaren komunitateko kide ugari elkartu dira.
Euskal Eskola Publikoaren festa ekainaren 2an ospatuko dute, eta egitaraua maiatzaren bukaeran aurkeztuko dutela iragarri dute.