Udan, denentzat kirol eskaintza zabala Lezon
Herrian eta eskualde mailan kirol jarduerak antolatu dituzte. Kirol areto barrukoak, kanpokoak eta uretakoak dira. Izen emate epea maiatzaren 2an zabalik.
Ureko kirolak ere egin daitezke. Lezoko Udalak, Oarsoaldeko gainerako udalekin batera, Uda kirol kanpainari ekin dio. Denentzako udako kirol jarduera mordoa antolatu dituzte kanpaina horren barruan, eta Lezoko Udalak jakinarazi du maiatzaren 2an zabalduko dutela horretan izena emateko epea. Hori, Lezon, Bekoerrota kiroldegian edo Altzate igerilekuan egin daiteke. Bertan, gainera, informazio eskuorriak daude, eta horretan agertzen dira jarduera bakoitzeko informazioa nahiz izena emateko edo xehetasunak eskuratzeko telefono zenbakiak.
Jarduerak haur, gazte nahiz helduentzako dira. Horien artean daude boleibola, Top kirola, igeriketa, Zirkua Parkeetan jarduera, gimnastika erritmikoa, Denok Dantzara izeneko saioak, akrobaziako gimnastika eta bestelako batzuk. Eskualde mailan, bestelako jarduerak balia ditzakete lezoarrek, hala nola piraguismoa, arrauna, bela, paddle surf-a, urpekaritza bataioak, edo BTTa.
Informazio eskuorriak herriko ikastetxeetan banatuko dizkiete haur eta gaztetxoei. Udal eraikinetan ere egongo dira kirol jarduera horien berri emateko euskarriak.
