«Herria alaitzea eta bizitasuna ematea da gure asmoa»
Gaur hasiko dira Pasai Donibanen Itsas Mendik antolatutako XXIX. Musika Jardunaldiak eta haien berri eman du jardunaldien sortzaile eta antolatzaile Kepa Sein txistulariak.
Aspalditik zabiltza Donibaneko Musika Jardunaldien antolakuntzan.
Gaztetatik oso lotuta egon naiz Pasai Donibanen musika mundura, eta musika jardunaldi hauen sortzaile ere banaiz. Jardunaldi hauek antolatzen hasi aurretik Itsas Mendin zenbait musika tresna erakusten genituen: txistua, eskusoinua eta abar, baita musika irakaskuntza ere. Horretan ari ginenok pentsatu genuen musika jardunaldi batzuk egitea ez legokeela gaizki. Errenteriako Musikaste izan zen gure erreferente, pixka bat lehenago sortua zelako.
Hogeita bederatzi urte pasatu dira ordutik eta zuzen-zuzenean bizi izan dut hau guztia.
Donibanen, Itsas Mendi, beti egon da musika munduarekin harreman estuan.
Donibanen bazen musika irakasle bat, Jose Lopez izena zuena, eta nik irakasle izan nuena. Berarekin ikasi nituen nik lehengo notak oso gazte nintzela.
Gerora musikaren irakaskuntzan eten bat egon zen, Itsas Mendin, Kepa izeneko bat hasi zen arte, ni neu alegia. Txistua irakasten hasi nintzen, eta handik bi urtera musika irakasten. Aurrerago, nirekin batera talde bat hasi zen, 1969. urtean. Itsas Mendi orduz geroztik gaur egun arte egon da musikarekin oso lotuta, musikaren irakaskuntzarekin, baita musika jarduerak antolatzen eta abar.
Txistularia zara, Itsas Mendi elkartearen txistulari taldeko kide. Zuen taldea Pasaian erreferente kultural garrantzitsua da, kultur ekitaldi askotan protagonista.
Bai, bai, zorionez. Talde bezala zahartzen goaz, gazteak ez ditugulako. Badugu haur bat, baina ez gaztetxo talde bat, zoritxarrez, hemen ez dugulako txistua irakasteko aukerarik eta norbaitek ikasi nahi badu Trintxerpera edo Lezora jo behar duelako. Zorionez, hala ere, taldeak oraindik jarraitzen du eta aurten ere kontzertua emango dugu. Horrek esan nahi du entseatzen dugula, eta bizirik gaudela.
Jardunaldien egitarauari begira jarrita, asteburua indartsu heldu da. Atarikorako Pasaia Txiki Abesbatza, gaur bertan.
Kontzertu oso garrantzitsua izango da, Pasaia Txiki Abesbatza osatzen dutelako Donibaneko, Trintxerpeko, San Pedroko eta Antxoko haurrek, guztira 81 haurrek. Horrek esan nahi du etorriko direla guraso, anai-arrebak, aiton-amonak, eta eliza txikia geratuko dela.
Bihar, berriz, donostiarrak Donibanen, abesbatza eta orkestra, biak bat.
Bai, biak bat. Donostiako Udal Kontserbatoriotik heldu zaizkigu biak, eta pentsatzen dugu oso jendetsua izango dela ere. Orkestra eta abesbatza artean 100 bat lagun izango dira kontzertua ematen. Saio interesgarria, abesbatzaz gain orkestrako instrumentu guztiak entzuteko aukera egongo delako.
Igandekoa, jardunaldi hauen klasiko bat, txistua protagonista. Mugarik Gabeko Txuntxuneroek egun pasa egingo dute Donibanen.
Badira jada bospasei urte etortzen direla. Hauek ez dute kontzertua emango, hauek egingo dute herria alaitu, kalez kale. Talde honek, urtean zehar, igandero-igandero, kalejirak eskaintzen ditu Nafarroako herri askotan. Oso egun polita pasatu ohi dute hemen. Lehenbizi herrian buelta ematen dute, dianan. Ondoren, Itsas Mendin gosaria ematen zaie. Txalupan ere irteten dira, eta lehorrera itzulita beste kale-buelta bat egiten dute, gero Itsas Mendin bazkaltzeko.
Jardunaldietako bigarren asteburuan kontzertu bakarra, baina ez edonolakoa. Errenteriako Landarbaso oholtzan.
Landarbasoz ezer gutxi gehiago esan dezaket nik. Iñaki Tolaretxipik aurreratu zidanez, prestatzen ari dira emanaldi garrantzitsu bat eta emanaldi horren lanak hemen aurkeztuko dituzte.
Eta hirugarren astebururako, Imanol Elizasuren zuzendaritzapean, Zariatxo eta Zariagaz abesbatzak.
Bai, maila handiko bi abesbatza. Saiatzen gara urtero-urtero aldatzen, eta kontzertu onak ematen. Gugandik gertu Zaria eskolako haurrak eta gazteak ditugu, eta zer esanik ez, kontzertuaren kalitatea bermatuta dago.
Jardunaldien bukaeran sanjuandarrak protagonista. Itsas Mendiko Txistulari Taldea, Konstantzia Musika Banda eta Lintxua Dantza Taldea.
Azken urteetan hori izan da gure asmoa, jardunaldiak herriko musikariekin ixtea, eta ahal dugun bitartean horrela jarraituko dugu. Guretzat, Itsas Mendi Txistulari Taldekoentzat, zita garrantzitsua da, jendeak erantzuten duelako eta kontzertua espero duelako. Goizean diana bat jotzen dugu herrian, kalebuelta egiten dugu 10:00etan, eta gosari polit bat egin ondoren, kontzertua plazan. Programa osatua dugu, entseatzen ari gara egunero-egunero, eta espero dugu ondo ateratzea.
«Donibane beti izan da musikazalea; Kale Kantuz, musika banda, txistulariak»
«Musikaste izan zen gure erreferente, lehenago sortua zelako»
Kontzertua ematen dugula 22 urte-edo izango dira, nahiz eta beti jardunaldien barruan ez izan. Herrian bi kontzertu eskaintzen ditugu urtero, bat Eguberrietan, urtea amaitu baino lehenago, eta bigarrena, maiatzean. Aurten, gainera, Trintxerpen joko dugu, Musikaz Blai jaialdian, hilaren 31n.
Konstantzia Musika Banda, txistulari taldea… Nolako osasuna du musikak Donibanen?
Egia esateko, nik oso-oso gaizki ikusten dut. Txistularien batezbesteko adina 50 urtekoa-edo izango da, eta gurekin ari den haurrak kanpora joan behar du ikastera. Itsas Mendi musikaren irakaskuntzan ari zenean, Donibanen ematen ziren solfeoko lehengo, bigarren eta hirugarren maila; pianoa, eskusoinua, tronpeta, klarinetea, txistua… Txaranga bat ere osatu zen, txistulari mordo bat ginen, 60 haur inguru. Gaur egun, nik dakidala, abesbatzaz gain, hemen ez dago musika ikasterik. Pasaia Musikal hasiz geroztik, musikaren irakaskuntzak hemen beherantz egin du nabarmen. Ez dut errudunik bilatu nahi, baina errealitatea da, zero. Hemen tronpeta edo txistua ikasten ez dago inor. Etorkizunari buruz galdetzen badidazu erantzun dizut.
Eta zure ustez, zein da egoera horri buelta emateko bidea?
Pasaia Musikalek eta udalak planifikatu beharko lukete Donibanen musika irakaskuntza bermatzeko aukera, Lezon bezala, Trintxerpen bezala, Oiartzunen bezala… Ez gehiago, eta ez gutxiago. Ezinbestekoa da inplikatzea era serio batean. Ez da nahikoa bi paper jartzea edo informazioa postontzietara banatzea.
Zailtasunak zailtasun, hemen zaudete eta jardunaldiak bizi-bizi.
Donibane bati izan da musikazalea: Kale Kantuz, musika banda, txistulariak… herria alaitzea eta bizitasuna ematea, guk ondo pasatzea eta musika bizitzea, horiexek gure asmoak.
Jardunaldien egitaraua
- Gaur. Pasaia Txiki Abesbatza. 20:00etan, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
- Bihar. Donostiako Udal Kontserbatorioko orkestra eta abesbatza. 20:00etan, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
- Etzi. Mugarik Gabeko Txuntxuneroen topaketa, egun osoan.
- Hilak 18. Landarbaso abesbatza. 20:00etan, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
- Hilak 24. Zariatxo eta Zariagaz abesbatzak. 20:00etan, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
- Hilak 26. Itsas Mendi Txistulari Taldea. 13:00etan, plazan.
- Ekainak 2. Konstantzia Musika Banda eta Lintxua dantza taldea. 13:00etan, plazan.