Jexux Leonet: "Herritarrak parte aktibo izatea da EH Bilduren ildoetako bat"
Bigarren aldiz aginte makila hartzea da Leoneten helburua. 1995etik lehenengoa izango litzateke karguan errepikatzen. Oiartzuarrek jarraipena «merezi» dutela uste du egungo alkateak.
Duela lau urte, Jexux Leonet (Oiartzun, 1968) buru zuen zerrendak gehiengo osoa eskuratu zuen Oiartzunen. Aurten, zinegotzi gehiago egongo dira jokoan, baina EH Bilduren alkategaiak espero du proiektuak “jarraipena” izatea, “egitasmo estrategikoetan sakontzen jarraitzeko”.
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitzako papereko edizioan argitaratu dute, alderdi politikoetako alkateei egiten ari zaien elkarrizketen seriean. Bertsio horri hainbat galdera erantsi zaizkio, espazio mugarik ez dagoelako webean.
Maiatzaren 26an ziur aldatuko da gauza bat: hamazazpi zinegotzi aukeratuko dituzte oiartzuarrek. Eraginik izango al du horrek?
Esperientzia berria izango da, eta ikusiko dugu zer ekarriko duen. Taldeak nola gelditzen diren ikusi beharko dugu; gaur egun EH Bildu eta EAJ gaude udalean. Beste mota bateko osaketa sortzen bada, egoera berrira egokitu beharko dugu, oiartzuarrek hala erabakita. Talde moduan, lan banaketa horretan indarrak banatzeko atea irekitzen digu zinegotzi gehiago lortzeko aukera horrek. Betiere, irabaziko dugula pentsatuz.
Irabaziz gero, 1995etik karguan jarraituko lukeen lehen alkatea izango zinateke…
2011n osatu zen Bildu, eta hauteskunde haietan bazen zerrendetan aurkeztu ezin zen jendea, kutsatuta omen zeudelako. Ilegalizazio fase batean geunden lehenago ere, eta horrek zaildu egiten zuen taldeen osaketa. Egoerak ez zuen laguntzen jarraipen horretan, eta 2015ean aurkeztu ginenetik orain daukagu aukera jarraipen hori bermatzeko. EH Bilduk bederatzi zinegotzi ditu orain, eta horietatik bost gaude zerrendan. Uste dut Oiartzungo herriak merezi duela jarraitutasun bat.
Orain arte inbertsio handia egin duzue mugikortasunean: bidegorri berriak, aparkalekuak…
Mugikortasun arloan konplexua da Oiartzun: 10.000 biztanle gara, baina zortzi herri txiki bezalakoak gara. Oinezkoentzako segurtasuna bermatu nahi izan dugu auzoen arteko loturan; trafikoa ere ordenatu dugu; bidegorria bera hobetzeko lanak ere egin ditugu…
Ibilgailuentzako toki batzuk ere egokitu ditugu. Autoa gehiegi erabiltzen da Oiartzunen, eta pixka bat arduratuta gaude. Eskolako eta ikastolako saturazioa arintzeko parkin berria egin dugun arren, Oinbusa sustatu dugu, eskolara oinez joateko bideak ziurtatuz. Eta herri barruko autobus zerbitzua ere zabaldu dugu.
«Agintaldi honetan egin ditugun gauza asko laburbiltzen du Lintzirinek»
Xorrola autobusa eta Taxibusak auzoak lotzen ditu, eta Xorrolaren erabilera oso ona da. Larunbatetara zabalduko dugu zerbitzua, eta lehengo abuztuan froga egin genuen, eta emaitzak oso onak izan ziren. Beraz, aurrera begirako erronkak hauek dira: oinezkoen eta bizikletaz egindako desplazamenduen ohitura indartu; Xorrola eta taxibusaren zerbitzua indartu; eta mugikortasunaren ikuspegitik, etengabeko hobekuntzak egin. Batez ere, autoaren erabilera daukagunoi egokitzea.
Lintzirineko eremua txukundu duzue agintaldi honetan. Alde horretatik, elkarlanean aritu zarete aldundiarekin.
Azken fasean lagundu digu aldundiak. Egoera kaskarrean zegoen Lintzirineko errepidea: oinezkoentzako biderik ez zegoen, argia falta zen… Gainera, hondamendian zeuden garai bateko Ramon Vizcaino eta Catelsa lantegiak. Irtenbide integrala behar zuen, inprobisaziorik gabea.
Trafiko azterketa eskatu genuen: jarduerak merkataritzakoa ez, bestelakoa izan behar zuen, bideak ezin zuelako jasan bestela. Inbertsio handia behar zuenez, hiru fasetan banatu genuen: barruko errepidea konpondu genuen lehenengoan; oinezkoentzako espaloiak hobetu, berriak egin eta argiteria jarri genuen bigarrenean; eta zerbitzu bide berria eraiki genuen hirugarrenean.
Aldundiarekin harremanetan izan gara hasieratik, eta hirugarren fasean lagundu digute. Eta bertako enpresek ere ekarpena egin dute. Banan-banan elkartu ginen haiekin, eta denek kolaboratu dute. Uste baino emaitza hobeak ekarri ditu lanketa horrek: trafikoa ondo bideratu dugu, eta oinezkoentzako bideak ere ondo gelditu dira. Ramon Vizcaino lantegi izandakoan industria jarduera duen beste enpresa bat jartzea lortu dugu, eta oso garrantzitsua da eraikin hori balio erantsia duen jarduera batekin okupatzea, langileen lan baldintzak duinak izatea bermatzen duelako. Agintaldi honetan egin ditugun gauza asko laburbiltzen du Lintzirinek. Guk garrantzia ematen diogu herriko industrialdeen mantentzeari, eta hala jarraituko dugu datozen urteetan.
Enpresei buruz ari zara, eta badago plan bat txiki eta ertainak euskalduntzeko: Lanin. Euskara garrantzia ematen diozue, arnasgunea izan da. Hala ere, erabilera emaitzak ez dira nahi bezalakoak.
Euskara politikan, hitzetatik harago, inbertsio handiak egiten ditugu. Aurrekontu potentea daukagu, eta agintaldian zehar programa berriak sustatzen ditugu. Zentzu horretan, erabilera datuak direnak dira, hobetzeko helburua izan behar dugu beti, eta horretan ari gara lanean.
Enpresa munduan dagoen zailtasuna da lehen esan dudana. Enpresa handiek bere egituraketa dute, eta euskara planak enpresa barruan egiten dituzte. Kolaboratzen dugu plan horietan. Oiartzunen enpresa txiki eta ertain asko daude, eta Lanin bidez aukera ematen diegu euskara planak garatzeko. Agintaldi honetan hasi gara horrekin, eta emaitzak ez dira urte batetik bestera ikusten.
Euskarak enpresaren balio erantsi bezala balio behar du. Hori lortzeko, hitzaldi bat ez da nahikoa, eta gauzak egin behar dira.
Erabilerari dagokionez, eguneroko lana da: kalean, dendetan —handiak eta txikiak—… Euskara ildo estrategikoa izan da, eta hala izaten jarraituko du.
Parte hartzeari garrantzia ematen diozue beti, eta urtero bilerak egin dituzue auzoetan.
500 proposamen inguru jaso genituen 2015eko programan zehazteko, eta agintaldi honetan gauzatuz joan gara programan jasotakoa. Herritarrak aktibo izatea da EH Bilduren ildoetako bat. Aurrekontuak aurkeztu aurretik, herritarrekin batera partekatu dugu udalaren egoera, auzoetan. 100-150 bat lagunek hartu dute parte aurrekontuen diseinuan: proposamenak egiten dizkiegu, ekarpenak jaso, eta horrekin osatzen dugu programa. Gizonek baino emakume gehiagok parte hartu dute azken prozesuan.
Gazteen arloan, etxebizitza politika jarri duzue martxan etxe hutsen merkatua mugitzeko.
Erronka geneukan. 300-400 gazterekin, diagnosia egin genuen, eta behar bat zegoela ikusi genuen, etxe huts asko zegoela. Programa bat abiarazi dugu alokairu duinarekin etxe huts horiek bideratzeko. Bederatzi etxe bideratu ditugu alokairura, eta alokairu publikoko 26 etxebizitza proiektatu ditugu aurrera begira.
«Urte dezente dira kultur aretoaren beharra dagoela. Kultura elementu kosehionatzailea da»
Urte batzuk darama Oiartzungo Udalak, Hernani eta Usurbilkoekin batera, San Markos Mankomunitateko aurrekontuei helegitea jartzen, jasotzen ez dituzten zerbitzu batzuengatik ordaintzen dutelakoan. Auzitegiek, orain arte, beti eman dizuete arrazoia. Errauste planta martxan jarri dutenean, zein egoeratan daude atez atekoa duten udalerriak?
Bederatzi urte dira sistema ezarri zenetik, baina bilketa baino, birziklatzearen aldeko apustua izan zela esaten dut nik. Oiartzuar guztiak harro egoteko moduan gaude; ez da kolore politikorik jarri behar birziklatzeko konpromisoa, denena izan behar du.
Oiartzun erronka horri oso ongi erantzuten zaio; oiartzuar guztiek etxean banatu eta bereizten dituzte hondakinak. Egin, egiten dute, eta funtzionatzen du. Txalotzen dugu jarrera hori, eta ohitura bat bihurtu behar du Oiartzungo etxeetan. Pixkanaka helburu hori lortu behar da Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Europan. Azkenean, birziklatzea denon betebeharra da.
Gure sisteman zer hobetua egongo da, eta prest gaude entzuteko. Beti garbi eduki behar dugu zein den helburua; birziklatzea ez da aukera bat, betebeharra baizik. Oiartzunen lortu dugunari balore bat eman behar diogu.
Gipuzkoan martxan jarri dute tratamendu zentroa, eta laster piztuko dute errauste planta. Gure helburua da planta horretara Oiartzungo hondakinik ez iristea, baita Hernanirena eta Usurbilena ere, aldez aurretik bakoitzak bere hondakinak tratatzen jakin izan dugulako. Klabe positiboan egin behar da, konfrontazio politikotik alde eginez, eta norberak ulertzea bere eskuetan dagoela hondakinen kudeaketa hori.
Zentzu horretan, pedagogia egiten jarraitu behar dugu, eta zerbitzua hobetzen jarraitu, premisa batekin, emaitza lortu behar dugula. Ongi kokatuta gaude hor, herritarrei esker, beraiek baitira birziklatzen dutenak, ez EH Bildu.
Proiektu estrategikoak aipatu dituzu, eta Mendiburu 14 da horietako bat. Kultur aretoaz gain, erretiratuen elkartea eta udalaren bulego batzuk ere egongo dira hor. Zenbateko garrantzia du?
Urte dezente dira kultur aretoaren beharra zegoela. Izugarrizko kultur bizitza daukagu herrian; kultura oso garrantzitsua da guretzat, elementu kohesionatzaile gisa funtzionatzen duelako. Azpiegiturei begira, gabezia nabarmenak dauzkagu. Zer egin dezakegun ikusteko proiekzio bat egin dugu agintaldi honetan, beste gabezia batzuk ere bazeudelako kultur azpiegiturenarekin batera: erretiroa hartutakoen itxurazko elkarte bat, eta, udaletxea txiki gelditzen zaigunez, bulego berriak ere bai. Horretarako, Mendiburu kalea da egokiena. Parte hartze prozesu baten bitartez egin genuen diseinua: erretiratuek, beste herritar batzuek eta berrogei kultur eragilek hartu dute parte. Eraikin horri aurten ekitea da helburua. Egungo azpiegiturak ere hobetuko ditugu, Arizmendienea ondarearen etxea tartean.
Gizarte zerbitzuen arloari ere garrantzia eman diozue.
Aurrekontua igo dugu. Etxez etxeko zerbitzua indartu egin dugu, eta are gehiago indartuko dugu. Sail horrek hartzen du udaletxearen beheko solairua, eta Fermiñenera pasatzea da asmoa, herritarrek merezi duten harrera jasotzeko.
Lehen sektorea garrantzitsua izan da Oiartzunen. Hura biziberritzen jarraitu nahi duzue?
Oiartzunek industriagune asko dauka, baina kontraste bezala, lehen sektore indartsu bat zuen garai batean, egun nahiko egoera delikatuan dagoena. Nekazari eta ganaduzaleekin elkartu gara, eta beraiekin plan bat osatu dugu mendiak garbitzeko (Larre Plana).
Baratzegintza zein lehenengo sektoreko jarduera bultzatzeko Lurbizi egitasmoa ere martxan jarri dugu, babesa emateko tresna bezala. Horren adibide garbiena da Elika kooperatiba. Bi lanpostu sortu dira, baratzegintzakoak, Makutso baserriko lurretan. Ematen du baratzegintzak, eta horrek frogatzen du. Datorren lau urteetan ere bai indarrean egongo da, eta helburua da sortzen diren proiektu guztiak ahal den moduan babestea.
Aipatutakoez gain, zeintzuk dira datozen urteetarako erronkak?
Lehenengoa, jarraikortasuna emate hori. Horrez gain, kultura elementu kohesionatzaile eta garrantzitsu bat bezala erabiltzea. Kultur etxearen eraikitzearekin, kultur programa bat osatzeko aukera izango dugu kultur eragileekin batera, eta bultzada bat emateko aukera izango da.
Jubilatuen egoitzarekin eraikitzearekin batera, ulertu nahi ditugu jubilatuak eragile potente bat bezala, 2.000 baititugu Oiartzunen. Eraikin horretan bertan, udal zerbitzu gehiago emateko aukera izango dugu, eta arreta hobetzekoa. Hori da helburu nagusia.
Gazteen arloan, etxebizitza hutsen programa elikatzen jarraituko dugu, eta alokairu publikoko etxebizitzen proiektua martxan jartzea helburu izango dugu.
Kontraste moduan, lehen sektorea eta industriaguneena adibideak badauzkagu aurreko lau urteetan, eta proiektuek jarraitu behar dute.
Hor daukagu merkatari txikien gaia ere. Salmenta kate handiak hor dauzkagu. Udalaren tresnekin zaila da horien lana baldintzatzea, baina batzuetan lortzen dugu. Hauspoa eman diogu merkatari txikien Iturri elkarteari, eta indartu egin da.
EH Bilduren lan egiteko moduan dago bere lana herritarrekin partekatzea eta haiekin lan egitea. Parekidetasun ikuspegia behar dugu, eta harreman estua daukagu herri mugimenduarekin. Transbertsaltasunarekin eta feminismoarekin batera, euskara da beste gai garrantzitsua.