Maite Peña: "Errenteriak bizi duen paralisi egoerari buelta eman nahi diogu"
"Anbizio handiko" programa eta "errealista" dela osatu duen programa dio EAJk, "errenteriarrek aukera gehiago eta premia gutxiago izan ditzaten".
EAJk udal hauteskundetarako ondu duen programa aurkeztu zuen atzo arratsean. “Errenteriak bizi duen paralisi egoerari buelta eman nahi diogu, eta horri begira osatu dugu programa”. Kaputxinoak auzoan egin zuten agerraldia hautagaitza osatzen duten kideek. Azken lau urteetan gobernu taldeak egindako kudeaketa kritikatu zuen Peñak, “emaitza bistan da; Gipuzkoan hirugarren herria gara biztanleriaren tamainari dagokionez, baina azkenetakoak gara adierazle ekonomiko eta sozialetan. Adibidez, langabezia tasa Errenterian lurraldekoa baino ia hiru puntu altuagoa da”. Kezkagarria dela datu hori EAJrentzat, eta Errenteria “dagokion tokian jarri eta egoerari buelta emateko” prest daudela erantsi zuen.
Ekonomikoki eta sozialki indartsua den Errenteria bat nahi dutela esan zuen Peñak eta udalerri bat “elkarlanean eta elkarrekin eraikitzen dela” nabarmendu du, “herritarrei benetan entzunez, horrela bakarrik lortuko dugulako Errenteria seguruago eta erosoago bat, biziagoa eta berdinzaleagoa, eta ongizate handiagoarekin”. Bide horretan, lanari ekingo diotela esan du EAJren alkatetzarako hautagaiak, “errenteriarrek aukera gehiago eta premia gutxiago izan ditzaten, inor atzean utzi gabe”.
Lehen erronka, langabezia tasa hobetzea da EAJren ustez, bizi kalitatea hobetu ahal izateko, “ekonomia suspertzea eta babes soziala txanpon beraren bi aldeak dira”.
EAJk abiatutako Zure Errenteria partaidetza prozesuaren bidez herritarrek helarazitako kezkak eta proposamenak eskertuta, EAJren programa osatzen duten proiektu nagusien berri eman zuen. Bost ardatzetan banatutako 30 ekintza eta 72 proposameneko udal programa osatu du, eta horietako batzuk aurkeztu zituen atzo. Segurtasunarekin lotutakoak aipatu zituen lehenik, “gai hori izan delako errenteriarrek gehien nabarmendu dutena. Gure helburua herritarren bizi kalitatea hobetzea da, herri seguru batean daudela sentitu dezaten”. Horri begira, txoke plan bat proposatu dute jeltzaleek epe motzean “gatazka sortzen duen” eremu bakoitzeko, eta epe ertain-luzean, berriz, bestelako neurriak segurtasuna eta segurtasun sentsazioa areagotzeko.
Elkarbizitza da Peñak aipatu zuen bigarren ardatza. Errenteriak azken urteetan materia horretan egindako bidea “eredugarritzat” jo zuen eta goraipatu alderdi guztien arteko elkarlanari esker eta era diskretuan eta adostasunetara helduz egin dutelako, “lanean jarraitu behar dugu kultura demokratikoa finkatzeko eta gure konpromisoa berresten dugu Errenteriako elkarbizitzan aurrera egiteko”. Ekonomiaz ere mintzatu zen: “Lanean ari gara Errenteria indartsu bat lortzeko, gaur egun ez baita halakoa. Herrian zehar paseatzen noala, tristura sortzen dit gero eta lokal huts gehiago dagoela eta enpresa jarduera gutxiago”. Ekonomia berpizteko EAJk txoke plan bat proposatu du, “turismoa gehiago sustatu nahi dugu, merkataritza indartzeko neurriak hartuta, ekintzailetza sustatuta. Era berean Tknika eta Don Boscorekin elkarlana sustatuko dugu, gure herriko gazteen lan aukerak areagotzeko, industria teknologikora bideratutako ikasketak bultzatuko ditugu bi zentroen ezagutzak baliatuz eta bertan formatutako pertsonek gure herrian arlo horretako enpresak eratzeko laguntzak eta aholkularitza eskainiko ditugu Eusko Jaurlaritza eta aldundiarekin elkarlanean”.
Lehen sektorea eta kultura motor ekonomikoa izan dadin zenbait neurri proposatu dituztela esan zuen Peñak, baita enplegu plan bat dutela prest ere, “zailtasun handienak dituzten pertsonak, formakuntza jasota, lan munduan sartu daitezen”.
Gizarte babesa
Sustapen ekonomikoa beti doala lotuta gizarte babesarekin EAJrentzat esan zuen, bestalde Peñak, eta helburu horrekin ekonomia sortu nahi dutela, “lehenik pertsonek aukera gehiago izateko; eta bigarrenik, udalak baliabideak izan ditzan gehien behar duten pertsonei laguntzeko”. Gizartearen zahartzeari ere erantzun nahi diola EAJk erantsi zuen alkategaiak, eta horri begira, adinekoen arreta eta autonomia areagotzeko iniziatibak indartu eta berriak jarriko dituztela martxan iragarri zuen, “Etxez etxeko laguntza hobetu, zainpeko apartamentuak martxan jarri, eguneko arreta areagotu, zahartze aktiboa sustatu, bakarrik bizi diren adinekoen etxean ke detektagailuak jarri, bakardadearen aurkako programak martxan jarri, edota adinekoen behatokia sortu, besteak beste”.
Errenteria “irekia eta bizia” nahi dutela ere esan zuen EAJren zerrendaburuak, eta horretarako auzoak biziberritzea planteatu zuen, “ez delako nahikoa erdigunean bizitza egotearekin, auzoak ere bizirik egon behar dute”. Horretarako plan integrala planteatu du programaren barruan alderdi jeltzaleak: “Azterketa sozio urbanistikoen bidez beharrak identifikatuko ditugu eta ondorioztatzen diren neurriak hartuko ditugu. Lehentasuna da guretzat auzoek zerbitzuak izatea, baita auzo barruko irisgarritasuna eta garbiketa hobetzea ere”.
Euskarari ere egin diote erreferentzia jeltzaleek beren programan, eta erabilera sustatzea erronka izango dutela esan zuen Peñak, “gure beste lehentasuna euskararen erabilera indartzea izango da eskolatik kanpo, kalean, kirolean, aisian eta bizitza sozialean”. Euskararen erabilera sustatzeko, hizkuntza zehar lerro gisa landuko dutela zehaztu zuen, laguntza eta ikastaro zehatzak eskainiz merkatari, ostalari edota atzerritarrei.
Aparkaleku eta zirkulazioaz mintzatu zen azkenik. “Kaosa” direla esanda, erantzuna emateko auzokako azterketa egingo duela agindu du EAJk, baita lurpeko aparkalekua Zumardian egitea proposatu, “Alabergako biribilgunea eta Errenteriako sarrera irteera guztiak ere beste era batera arautuko ditugu, eta Iztietako autobus geltokia handituko dugu”.