Lehen sektorea bultzatzen jarraituko duela adierazi du EH Bilduk
Jexux Leonet alkategaiak eta Juan Karlos Izagirrek agerraldia egin dute Makutsoko baratzeetan, eta eredu bezala jarri dute.
Pixka bat berandu, baina iritsi da. Kanpaina hasi eta bost egunera egin dute lehenengo hauteskundeetara begirako agerraldia. EH Bilduko lau hautagai izan dira bertan: Jexux Leonet Oiartzungo alkategaia eta Eneritz Arbelaitz zerrendakidea, eta Juan Karlos Izagirre ahaldungaia eta Mirene Begiristain Batzar Nagusietarako hautagaia.
Agerraldia Makutso baserriko baratzeetan eta han izanik, lehen sektorea izan dute hizpide. Bertako lurrak nekazaritzarako erabilgarri izatea udalak sustatu zuela gogorarazi du Leonetek, Lurbizi planaren bitartez. “Hainbat oiartzuarrek kooperatiba bat egin nahi zuten, eta lur gabezia zuten. Lurbizitik lagundu genien lursaila lortzen”, gaineratu du.
Elika kooperatiba eredu dela esan du, eta Oiartzungo EH Bildu prest dagoela lehen sektorea laguntzen jarraitzeko, Lurbiziren bitartez.
“Politikei, buelta eman”
Izagirrek Oiartzungo Udala egiten ari den lana txalotu du, eta esan du lehen sektorea garrantzitsua dela. “Ezin dugu herri libre bat izan lehen sektorerik gabe; elikadura burujabetza garrantzitsua da”.
Orain arteko politikek ondorio kaltegarriak izan dituztela gaitzetsi du igeldotarrak, eta horiei buelta eman behar zaiela, bideratzeko: “Ekoizpenaren dibertsifikazioan sinesten dugu eta multinazionalekiko autonomian. Gainera, lanbidea duindu nahi dugu, lan baldintzak eta pentsioak hobetuz”.
Belaunaldi berrien garrantzia nabarmendu du, eta horretarako, lehen sektorea erakargarri bihurtu behar dela. Lurbizi eredugarria dela esan du ahaldungaiak, eta lurrak lortzeko horrelako politikak herrialde osoan aurrera eraman behar direla. “Etorkizuna dauka lehen sektoreak. Gainera, herritarrek gero eta gehiago eskatzen dituzte bertako produktuak”.