EH Bilduk Oiartzungo ekitaldi nagusia egingo du bihar eguerdian
Jexux Leonetek datozen lau urteetarako proposamenak aurkeztuko ditu. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere parte hartuko du.
Oiartzungo EH Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia bihar —larunbata— egingo du. 12:30ean izango da, Arizmendi-Eneko lorategian. Eguraldi txarra eginez gero —hala dago iragarrita—, Madalensoro pilotalekuko kanpoko estalpean egingo dute.
Jexux Leonet alkate eta alkategaiak azalduko ditu datozen lau urteetarako proposamen estrategikoak. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ere bai hitz batzuk esango ditu.
Programa osaketa
Koalizioak gogorarazi duenez, duela urtebete hasi ziren programa osatzeko prozesuan, eta 100 herritar baino gehiago aritu dira horretan lanean. Azken lau urteetan hainbat arlotan “aurrerapauso garrantzitsuak” eman direla esan dute, eta datozen lau urteetan bide beretik jo nahi dutela. “Proiektu estrategiko hau oiartzuarrekin eta herriko eragile ezberdinekin elkarbanatu dugu eta beraien ekarpenak jasoaz aberastu dugu”, gaineratu dute.
Proposamenen artean, Gizarte-Ongizate Saila indartu nahi dute, baita etxez etxeko laguntza zerbitzua ere. Alokairu publikoko etxebizitzak egin nahi dituzte Urkabe-Baita inguruan.
Horrez gain, Mendiburu 14 eraikinaren garrantzia nabarmendu dute: kultura aretoa izango du, baina baita ere jubilatuentzako elkartea eta euskararentzako azpiegiturak. Gainera, Arizmendi-Enea berreskuratu nahi dute, Ondarearen Etxe bihurtzeko.