Portu Agintaritza: "Lonjako plazako lanak aurreikusitakoaren arabera doaz aurrera"
Legeak lurra aztertzea agintzen duela diote lanen arduradunek, eta horretan ari direla.
Portu Agintaritzak ukatu du San Pedroko lonjako lanak gelditu dituztenik, are gehiago, “lonjako plazako lanak aurreikusitakoaren arabera aurrera doazela” adierazi dute prentsa ohar bidez.
Azaldu dutenez, lurren deskontaminazioa da lanen lehen urratsa, eta horregatik, legeak agintzen duena jarraituta, gerora hondatu behar duten lurraren lagin bat hartu eta laborategi holandar batera igorri dutela jakinarazi dute.
Emaitza jaso artean lurrak ezin dituztela mugitu gaineratu dute eta azterketen emaitzak 15 eguneko epean espero dituztela jakinarazi.
Portuak, edonola ere, lurrak kutsatuta daudela onartu du, “kutsaduraren jatorria ez dela ezagutzen” baietsiz, baina garai bateko izotz fabrikaren jarduerarekin zerikusia duenik ukatuz. Portuaren arabera, litekeena da XX. mendearen hasieran moilaren bete lanetarako erabilitako materialek eragindakoa izatea kontaminazioa.