Lonjako lanak berriz ere geldirik
Pasaiako EH Bilduk salatu duenez, lurrak kutsatuta daudelako gelditu dituzte lanak; EAJri eta PSE-EEri "beste behin ere gezurretan aritzea" leporatu diete.
Pasaiako lonjaren auzian zaharrak berri. Sare sozialen bidez haizatu ziren lehen susmoak, herritarrek salatuta, eta denborak susmoak berretsi ditu. San Pedron, lonjako lanak, geldirik daude berriz ere.
Pasaiako EH Bilduk salatu duenez, garai batean izotz fabrika zegoen orubean “lurrak kutsatuta daudelako gelditu behar izan dituzte lanak, besteak beste, amoniako arrastoak” topatu dituztelako.
EH Bilduk jakinarazi duenez, portu barruko iturrietatik izan dute lanak geratu izanaren zergatiaren berri, eta gogor deitoratu dute EAJren eta PSE-EEren jarrera, lanen geratzea ezkutatu eta “udal hauteskunde bete-betean herritarrei iruzur” egitea leporatuta.
Lau urtez geldirik egon ondoren, Portu Agintaritzak iazko urrian iragarri zuen lanak aurten bukatuko zituztela. Pasaiako EAJk ere, albisteari oihartzun eman zion urtarrilean, lonja pareko plaza eraikitzeko lanak esleituko zituztela iragarriz. Lehengo apirilaren 26an iragarri zuen Portuak lanak berriz ere martxan zeudela. Hondeamakina bat ere hasi zen lanean izotz fabrikaren eremuan, baina lurra altxatzen hasi eta berehala geratu zituzten lanak.
Bigarren aldiz
Gogor salatu du Pasaiako EH Bilduk lonjaren lanen harira Pasaiako EAJk eta PSE-EEk duten jarrera, eta gogoratu dute, ez dela lehen aldia, lehendik ere, ezkutuan gorde zutela lanen geratzea, 2016ko otsailean gertatutakoak gogora ekarrita. EH Bilduk gogoratu duenez “orduan ere gezurra esan zuten, lanak aspalditik geldirik zeudela jakin arren, gure salaketak ukatuz”.