Allerru, irabazi eta itxaron
Allerru futbol taldeak mailari eusteko bi jardunaldi oso gogor ditu aurretik. Lehena biharkoa da, Tolosa jasoko du 16:00etan Plazetan.
Maila mantentzeko bi asteburu latz ditu aurretik Allerru Kirol Elkartearen gizonen talde nagusiak. Erregional Ohorezko Mailako 16. postuan daude lezoarrak, jaitsirako lehenean (18 taldeko liga da). 35 puntu dituzte, 15. den Añorgak bezala. Larunbatean (bihar) Tolosa hirugarrena jasoko du lezoarrek Plazetan. Irabazi behar dute, eta itxaron. Añorgak huts egin dezala itxaron, eta hurrengo jardunaldian ere irabazi (Aretxabaleta hamargarrenaren zelaian).
Mailari eusteko aukera bakarra Liga bukatzeko falta diren bi jardunaldietan Allerruk Añorgak baino puntu bat gehiago eskuratzea da (Añorgak golen aldea aldeko du). Hainbat konbinazio eman daitezke puntuko diferentzia hori lortzeko bidean, baina errazena, bi partidak irabaztea da. Zaila da, baina egin behar du. Hatsez larri iritsi da sasoi bukaerara talde berde-zuria, baina eginahala egion behar dute, kosta ahala kosta.
Biharko partidan zaleak ondoan behar dituzte lezoarrek. Plazetak bonbonera bat izan behar du. Jokalariek zaleekin lortu behar dute berriz ere besten urte batez herrialdeko mailarik gorenean jokatzeko eskubidearen txartela.