Bizikletan ibiltzen erakusteko ikastaroak, helduentzat
Trintxerpen eta Antxon, ekainean
Ez dira gutxi bizikleta hartzeari beldur dioten helduak, txikitan ikasteko aukera izan ez zutelako, edota aspaldi hartu zutelako azkenekoz. Bada, jende horrekin guztiarekin pentsatzen Pasaian bi ikastaro antolatu dituzte, biak helduei bizikletan ibiltzeko irakasteko helburuarekin.
Trintxerpeko ikastaroa ekainaren 3tik 14rabitartean egingo dute, Aranederreko pistetan, 10:00etatik 12:00etara, eta Antxokoa, Ibaiondon, ekainaren 17tik 28ra Antxon, bi ordutegiekin: 10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00ak arte. Ikastaroak aste barruan izango dira, astelehenetik ostiralera, guztira, 18 orduko ikastaroak dira.
Bizikleta gainean ibiltzen ikasteaz gain, bizikletaren mantentze-lanetarako oinarrizko ezagutzak, bide-segurtasunerako gomendioak, eta zirkulazio-arauak erakutsiko dizkiete izena ematen dutenei. Gainera, partaide guztiek kaskoa jasoko dute opari.
Ikastaroak doan dira eta izena eman daiteke jada, Pasaiako Udaleko HAZ bulegoetan, telefonoz eta udalaren webgunearen bitartez.
Bizikletak elektrifikatzeko tailerra
Ikastaro horien osagarri gisa, ekainaren 30ean Trintxerpeko Ziriza etxean bizikletak elektrifikatzeko tailerra egingo dute. Partaideek merkatuan zer aukera dauden, haien ezaugarriak zein diren eta muntaketak nola egiten diren ezagutuko dute. Horretarako tailerra emango dutenek bi kit elektriko jarriko dituzte udalaren bizikleta-mailegu zerbitzuko bi bizikletetan.
Tailerra 10:00etatik 13:00etara izango da, doakoa da eta izena emateko bide berberak ditu: hau da, HAZ bulegoak, telefonoa edo udalaren webgunea.