Allerruk, ezin
Allerruren gizonen talde nagusia maila galtzear da asteburuan izandako emaitzen ondorioz. Baina ez da hondamendia klubarentzat.
Miraria behar du Allerruk maila mantentzeko. Larunbatean 2-3 galdu zuen Plaztean Allerruren gizonen talde nagusiak, Erregional Ohorezko Mailakoak, Tolosaren kontra. Emaitza horrekin, jaitsiera postuetara joan da Lezoko taldea, maila mantentzeko borrokan lagun duen Añorgak irabazi egin zuelako. Orain, Donostiako auzokoek, hiru puntuko aldea ateratzen diote Allerruri sailkapen nagusian, liga bukatzeko jardunaldi bakarraren faltan.
Gauzak horrela, birtualki maila galdu du Allerruk. Matematika saio katramilatsua beharko litzateke lezoarrek maila manten dezaten: 12 goleko aldea dute alde Añorgakoek, beraz, azken jardunaldian Allerruk irabazi eta Añorgak galtzeaz gain, emaitzetan 12 gol alde beharko lituzke Allerruk, adibidez, Allerruk 0-6 irabaziz Aretxabaletaren etxean duen lehian, eta Añorgak 6-0 galduz Tolosaren zelaian (konbinazio askoz gehiago egin litezke, denak gauzatzeko oso zailak). Ia ezinezkoa du salbazioa, beraz.
Historian bigarrenez jokatu du sasoi honetan Allerruk Gipuzkoako mailarik gorenean. Herriaren tamaina ikusita, hori berez arrakasta da. Nahiko lukete handiagoak diren beste herri batzuk lezoarren egoeran egon. Eta sasoi oso duina egin dute, nahiz eta azken txanpan indarrez justu iritsi, Erregional Ohorezko Maila oso maila exigentea delako, partida guztietako minutu bakoitza baita inportantea, eta akats txikiak ez dira barkatzen. Beharbada, hori izan du kontra aurten Allerruk: egindako akats txikiek zigortu egin dute taldea, gehiegi beharbada, zortea ere maiz ez dutelako lagun izan. Gainera, azken jardunaldietan, epaileen lanak ez du gehiegirik lagundu.
Allerruko kideek HITZAri esandakoaren arabera, hurrengo urterako ez dute bururik galdu nahi, pixkanaka hasi nahi dute Gipuzkoako mailarik gorenera itzultzeko bidea, presiorik gabe, urrats guztiak ondo zainduz. Izan ere, gizonen talde nagusia maila galtzear den arren, osasunez kluba ederki, oso ongi dago. Datu bat: hurrengo sasoiari begira 12 taldek osa dezakete Allerruren familia, hainbat talde berrirekin (tartean nesken infantilak eta kadeteak). Harrobiko lana oso ongi egiten ari diren seinale da hori, eta herriak taldea babesten duela.
Asteburu zaila izan da Allerrurentzat. Horren beste seinale bat da gizonetan, Ohorezko Gazteen Taldeak galdu egin zuela Zumaiakoren kontra, eta haiek ere maila galdu dutela. Kontra, Gipuzkoako Kopan ari den emakumeen talde nagusiak aurrera egin du asteburuan Oiartzuni irabazita (penaltietan), eta jada finalerdietan daude. Mutilen Kadete Mailako taldeak ere Ohorezko Mailara igotzeko bidea egingo du.
Talderik gorenenak maila galdu arren, osasunez indartsu dago Allerru.
