Brankan, haizea lagun, txanpa hartzeko prest. Berdintasunaren iparra galdu gabe.
2003. urteaz geroztik Pasaiako alkate guztiak emakumeak izan dira; hauteskunde hauetan zazpi alkategai daude, eta tartean bost emakume.
Pasaiako azken urteotako errealitate politikoari erreparatuta bada atentzioa deitzen duen datu bat, esanguratsua, batez ere ezohikoa izateagatik. Azken lau agintaldietan alkatetza emakumeen esku egon da: 2003tik 2007ra bitartean PSE-EEko Izaskun Gomez izan zen alkate; 2007-2011ra Maider Ziganda, EAEren zerrendaburu aurkeztu ondoren; Zigandari lekukoa Amaia Agirregabiriak hartu zion, EH Bilduren izenean, eta azken agintaldian PSE-EEko Izaskun Gomez izan da berriz ere alkate.
Datozen lau urteetan zer gertatuko den argitzeke, atentzioa deitzen duen bigarren datu bat bada udal eta foru hauteskundeen hautagaitzetara erreparatuta. Pasaian zazpi hautagaitza daude, eta horietatik bostek dute emakume bat zerrendaburu: PSE-EEren,EH Bilduren, EAJren, PPren eta Ezker Anitzaren hautagaitzetan emakumeak dira alkategaiak.
Datu horiek abiapuntutzat hartuta, Pasaiako hautagaitza guztiengana jo du Hitza-k, nabarmendutako datu horien gaineko irakurketa egin dezaten, eta, bide batez, berdintasun politika publikoen esparruan dituzten proposamenak ezagutzeko asmoz. Ondorengo lerrootan daude erantzun nahi izan duten guztien iritzi eta proposamenak, denenak, uko egin dion Ciudadanos-ena salbu:
Galderak:
1. Pasaian azken hiru alkateak emakumeak izan dira. Hauteskunde hauetan zazpi hautagaitza daude eta bostetan emakumeak dira hautagai. Zuk zer irakurketa egiten duzu gaiaz?
2. Zuen alderdian, zerrenda osatzeko orduan, genero ikuspegia kontuan hartu duzue. Nola? Zergatik? Kupo politikoen alde zaudete?
3. Datorren agintaldiari begira, eta berdintasun politiken ikuspegitik zein dira zure alderdiaren proposamen nagusiak?
Lore Suarez
PSE-EE
1. Egia esan, ordezkaritza lor dezakegun zazpi hautagaitzatatik bostetan emakumeak dira zerrendaburu. Ohikoa? Ez baldin bada, denok egin beharko dugu ahalegina hala izan dadin.
Emakumeen parte hartze politikan ez da gaur egungo kontua, baina egia da, emakumeon agerikotasuna ardura postuetan, politikan bezala, beste esparruetan, handitzen eta normalizatzen doala. Bide horretan oso lagungarria izan da, zalantzarik gabe, 2007. urtean onartutako Berdintasun Legea. Zalantzarik gabe, gure presentzia gero eta handiagoa da, eta horregatik ere desberdintasunekin amaitzeko gure eskariak gero eta handiagoak dira, soldata arrakala edo kontziliazio neurriak kasu… Eta aukera baliatuko dut nabarmentzeko aipatu neurriak ez direla emakumeoi ‘gauzak errazago’ jartzeko, baizik eta jendarte osoak kontzientzia har dezan aukera berdintasunean emakumeok gaitasun berberak ditugula.
2. Udal zerrenda osatzean nire lehentasuna izan da lan gaitasuna eta udalerriarekiko konpromisoa uztartzea. Irizpide horietan oinarrituta, zerrenda orekatu bat osatzeko aukera izan dut, gizon eta emakumeez osatutako lantalde bat, nire proiektura biltzeko prest. Egia esan, legeak agintzen duen bezala osatu da zerrenda, eta baimentzen bazait, harro esango dut, gure zerrendan emakumeak garela gehiengo.
Egia esan, gaur-gaurkoz oraindik ere, beharrezkoa da emakumeen presentzia eraginkorra legez bermatzea, nahiz eta gure desioa izan berdintasuna guztiok onartutako errealitate bat izatea, eta ez salbuespena. Horren alde denok egin behar dugu lan.
3. #eztabatgutxiagoere, horixe lehentasunetan lehena. Indarkeria matxistaren kontrako borroka eta emakumeen babesa, gurea bezalako gizarte batean lehentasun erabatekoa behar du izan: emakume askeak, seguruak eta biziak nahi ditugu.
Udal esparrutik askoz gehiago egin dezakegu. Pobreziak emakume aurpegia du, lan merkatura sartzeko zailtasun handiak dituen familia guraso bakarrarena; beraz, enplegua behar da. Enplegu politikak, pobrezia, bazterketa eta feminizazioa saihesteko neurri eraginkor gisa.
Bigarrenik, genero perspektiba kontuan hartuko duen hirigintza, eta emakumeentzako seguruak izango diren hiriak eraikiko dituena. Eta emakume ekintzaileei babesa, eremu guztietan, enpresarialean, sozialean zein kirol esparruan. Emakumeek arlo askotan egiten duten lanari komunikabideek ematen dioten toki eskasa konpentsatzeko, udaletik konpromiso erabatekoa erakutsi behar diegu emakumeei, gizarteari egiten dioten ekarpena agerian jartzeko.
«#eztabatgutxiagoere, horixe lehentasunetan lehena»
Lore Suarez
PSE-EE
Loreto Osa
EAJ
1. Pasaian, beste leku askotan bezala, emakumeok oso inplikatuta gaude gure herriarekin, eta argi dago gure herriaren alde lan egiteko prest gaudela. Tradizionalki, Pasaia herri arrantzalea izan da, eta gizonek etxetik kanpo denbora tarte luzeak igarotzen zituzten, beraz, emakumeak ziren familia buruak eta herriaren jardueran eta egunerokoan ere parte hartze handia zuten. Horrek ahaldundu egin gaitu eta gogotsu heltzen diogu erakundeetan parte hartzeko erronkari.
Pasaia herri ireki eta modernoa bilakatzen ari da, eta hori da zerrendetan azaltzen dena. Kudeaketa zehatza eta pasaitarron ongizatearen alde lan egiteko konpromisoa hartu dugu emakumeok, hori argi dago, beraz, ziur nago datorren alkatea ere, emakumea izango dela.
2. Guretzat garrantzi handia du zerrendetan emakume eta gizonen kopurua parekatua egotea, azken finean, zerrendak gizartearen isla izan behar du eta erreferentziatzat har dezakete herritar askok. Zerrendak osatzeko momentuan pertsonaren ezaugarriak, sentsibilitateak eta balioak hartzen ditugu kontuan, hori baita benetan garrantzia duena. Gure kasuan behintzat, irizpide horiek jarraitu ditugu eta zerrenda parekatua eta gaitasun handikoa osatu dugu.
«Gogotsu heltzen diogu erakundeetan parte hartzeko erronkari»
Loreto Osa
EAJ
Nahiz eta azken urteotan aurrerapauso handiak eman ditugun, argi dago oraindik bide bat dugula egiteko gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko. Horregatik, kasu batzuetan beharrezkoa da oraindik kuotak ezartzea guztion aukera berdintasuna bermatu eta emakumearen presentzia politikan eta erakundeetan indartzeko. Pasaiaren kasuan behintzat, emakumeek historian eta baita gaur egun ere herriaren egunerokotasunean izandako inplikazioagatik, naturalki osatu da zerrenda parekatu bat, baina parekidetasuna sustatzea eta mantentzea ezinbestekoa iruditzen zaigu eta horren alde gogor egingo dugu lan.
3. Pasaian berdintasuna eta parekidetasuna sustatzen jarraituko dugu, eta horretarako Berdintasun Planean jasotako ekintzak gauzatu, kolektibo ezberdinekin elkarlanean aritu eta indarkeria matxista deusezteko urratsak egingo ditugu. Horiez gain, herritarrek bidalitako proposamenei arreta handia jarriko diegu baita ere.
Gure lehentasuna puntu beltzak identifikatu eta horiek desagerraraztea izango da, genero aldetik gure kaleak seguruagoak bihurtzeko. Emakumeok ez baitugu ausartak izan nahi, aske eta lasai atera nahi dugu kalera, beldurrik gabe. Eta hori horrela izan dadin lan egingo dugu.
Ane Etxeberria
EH Bildu
1. Pixkanaka bagoaz espazio ezberdinak gureganatuz eta politikagintzan ere hori gertatzen da. Hausnartzekoa da zergatik egiten zaigun arrotza politikagintza, zer suposatzen duen, ‘boterea’ nola ulertu den, gure buruei ematen diegun agintzeko zilegitasuna, ezarri zaizkigun zaintza lanekin eta familia kontziliazioarekin inkonpatibilitatea… Baina politika humanizatzeko ahaleginak egiten ari gara eta honek ekarri du geroz eta emakume gehiagok pausua ematea.
2. Ezinbestekoa da herri guztiarentzat gobernatu nahi badugu herria ordezkatuko duen zerrenda osatzea. Oraindik jendartea matxista da eta kupoek balio dute inertzietan ez erortzeko. Hala ere, ezin gara zerrenden orekarekin konformatu eta zerrenda parekideetatik harago, politika feministak egin behar dira.
«Zerrenda parekideetatik harago, politika feministak behar dira»
Ane Etxeberria
EH Bildu
3. Herritar guztiak kontuan hartuko dituen politika egitera goaz, bizitzak erdigunean jarriko dituena. Parekidetasunak transbertsala izan behar du eta erabaki guztietan egon behar du presente: hirigintzan, diru laguntzak banatzerako orduan, hezkuntza plana osatzerakoan, herriko ekonomiaz ari garenean… Martxoaren 8an mugimendu feministak argi utzi zizkigun zeintzuk ziren exijentzia politikoak, eta hauek entzun eta erantzun bat ematea dagokigu guri.
Izaskun Urruzola
Pasaiak Ahal Du
1. Emakumeak gero eta parte-hartze aktiboagoa dute politikan, eta hori, oso positiboa da.
2. Noski, gure zerrenda parekidea da, kremaileraduna, eta gizon eta emakumeak txandakatzen gara postuetan. Gu ez gara kupoen alderdi bat, berdinen alderdia gara.
«Gu ez gara kupoen alderdi bat, gu berdinen alderdia gara»
Izaskun Urruzola
Ahal Dugu-Equo Berdeak
3. Indarkeria matxistari dagokionez, puntu ilunak desagerraraztea. Horrez gain, bizitzaren iraunkortasunaren irizpidetik eta giza garapen iraunkorra sustatze aldera, zaintza lanen garrantzia agerian jarriko dituzten kanpainak martxan jartzea. Horiez gain, erabateko lehentasuna emango diogu Emakumeen Etxeak zabaltzeari, baita emakumeen ahalduntze feministarako tailerrak antolatzeari ere, erabiltzaileen artean ardura partekatuak sustatuz, kudeaketa haien esku egon dadin erraztuz eta beren independentzia eta askatasuna bultzatuz.
Rosario Rodriguez
Ezker Anitza-independentea
1. Bost hautagaitzen buruan emakumeak egotea edozein jardueraren buru egon gaitezkeela esan nahi du; hala ere, Pasaiako emakumeen eta gizonen arteko benetako desberdintasunak gainditzeko, emakumeak izateaz gain ezinbestekoa da feministak izatea, eta ikuspuntu horretatik lan egitea. Gure hautagaiak, Arantza Gonzalezek, hala egingo du, bera, hautagaitza honetako gainontzeko emakumeon antzera feminista delako.
2. Bai, Ezker Anitzak genero perspektiba kontuan hartu du, eta arestian aipatu bezala, hautagaitza hau partekatzen dugun emakumeok feministak gara eta emakumeen ahalduntzea eta gizarte parekidea lortzea helburu duten hainbat espazioetako partaide. Kupoei dagokionez, esan, gizarteak ez dituela barneratuta parekidetasun eta berdintasunaren baloreak; gainera, gizartean eman behar den bilakaeraren lidergoan emakumeok egon behar dugu. Errealitateaz jabetzen gara eta badakigu eraldaketa emakumeok lehen lerroan egonda baino ez dela lortuko. Horregatik, aldaketa lortu ahal izateko, ardura politiko eta sozialen gidaritzan egon nahi eta egon behar dugu. Genero perspektibak etengabea behar du esku hartze legegile edo administratiboan. Ardurak izatea eta aurrera eramatea emakumeoi agerikotasuna emango digu. Beraz, diskriminazio positiborako politikak ezinbestekoak iruditzen zaizkigu, esparru guztietan emakumeon presentzia bermatzeko eta bidezko jendartea lortzeko, erabateko berdintasunean.
«Hautagaitza hau partekatzen dugun emakumeak feministak gara»
Rosario Rodriguez
Ezker Anitza (Independentea)
3. Berdintasun politikak garatzeko bitartekoak bideratzea da gure asmoa, eta berdintasun politikak bermatuko dituen Berdintasunerako Ordenantza onartzea, gaia ez dadin egon udalerria gobernatzen dutenen borondatearen esku.
Cristina Garcia
PP
1. Hainbeste emakume alkategai izatea bikaina da, garaiak aldatzen ari direnaren seinale eta emakumeek gizonek adina jarduera eta ardura bete behar, eta bete dezaketenaren froga. Horren erakusle, zazpi hautagaitzetatik bostetan konfiantza emakumeengan jarri izana.
2. Zerrendak osatzeko orduan zorrotz bete dugu legeak parekidetasunari dagokionez agintzen duena. Horrez gain, uste dugu emakumeek gizonek bezainbeste aukera eduki behar dituztela lanpostu edota ardura postuetara iristeko, baina ez kuota edo kupoen bidez. Emakumeok nahikoa gaitasun, erabakimen eta prestutasun dugu, eta ez dugu behar emakume izateagatik espazioak doan uzterik.
«Ez dugu behar emakumeak izateagatik espazioak doan uzterik»
Cristina Garcia
PP
3. Lehentasunak, guretzat, kontziliazioa eta soldaten parekatzea dira. Ildo horretan lan egin nahi dugu, familiaren pisu osoa ez dadin soilik emakumearengan erori, eta lan ordutegiek ez dezaten emakumea behartu lan bizitza eta bizitza pertsonalaren artean hautatu behar izatera. Horretarako garrantzitsua da gizonen lan berbera egiteagatik soldata berbera izatea. Hortik aparte, garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeak beldurri gabe ibili ahal izatea Gipuzkoako herrietako edozein txokotan, eta emakumeentzako segurtasuna bermatzea.