Rafael Bergaretxe: "Gure hautagaitza da Oiartzunen alde egin dutenen hautagaitza abertzale eta bateratzailea"
Oiartzungo Udaleko egungo bozeramailea izango da EAJren alkategaia. Hitzak egindako galderei erantzun die, programa azalduz.
Zer da hautagaitzak Oiartzuni eskain diezaiokeena? Oiartzuarrek zergatik sartu behar dute zuen papertxoa hautetsontzian?
1.- Oiartzunen, EAJ-PNV berritua ari da herrigintzan; jendeberritua, indarberritua, eta gogoberritua.
2.- EAJ-PNV erreferente politiko klabea izan da eta da Oiartzunen eta Oiartzungo udaletxean: 1936an frankistek suntsitu zuten udal-batzarrean EAJ-PNVko zinegotziak eta alkatea ziren nagusi. Garesti ordaindu zuten herritarren ordezkari legitimoak izatea.
Frankismoaren ondorengo lehen bi agintaldietan EAJkoa izan zen alkatea eta, orain arteko agintaldi guztietan udalkide izan diren zinegotzi ohiak aurkezten ditugu gure zerrendan (EAJ, EA eta Euskadiko Ezkerrakoak). Belaunaldi berrietako gazte jendearen kemenarekin batera, iraganean ongi egindako lanaren eredua etorkizunera proiektatu nahi dugu. Gure hautagaitza da Oiartzunen alde egin dutenen hautagaitza abertzale eta bateratzailea.
3.- Oiartzun herri desberdina izaten jarraitzea nahi dugu, berezia, erakargarria, baina garai eta errealitate berriei adi dagoena, irekia eta soluzioak bilatzen dakiena.
4.- EAJ-PNVren zerrendako hautagaiok EAJk Oiartzunen eta Euskadin beti erakutsi izan duen zintzotasun eta sendotasunaz ariko gara udaletxean lanean. Lehen, 1936ko gerra garaiko, eta frankismoko urte gogor eta zailetan, eta geroago, orainago, biolentziak eta indarkeriak tregoarik ematen ez zuen urte luze ez errazagoetan egin izan duen bezala.
5.- EAJ-PNVren hautagaion helburua oiartzuarrak ongi izatea da, eta udal gobernuak ongi egitea lan, ongi aritzea, herritarren zerbitzura. Eta badugu herritarren arazo eta kezken berri.
6.- Udaletxetik lehentasuna emango diogu herritarron arteko harremanak eta elkarbizitza errespetuz eta gizalegez berritu eta oneratzeko ahaleginari.
7.- Beti ahaleginduko gara Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzen, aurrean agertzen zaigun panorama guztiari eraginkortasunez heldu diezaiogun.
Zein lehentasun ditu Oiartzunek?
1.- Elkarbizitza eta herritarren arteko, udalaren eta herritarren arteko, harremanak errespetuz eta gizalegez berritu eta oneratu.
2.- Urkabe Baita oiartzuar guztiontzat ireki eta parke publiko bihurtu.
3.- Herriko kale, plaza eta ibilbideei garbi eutsi eta txukun zaindu, eta horien estetikari arreta jarri.
Propagandaz jositako toki eta ibilbide publikoak propaganda permanenterik gabe eduki.
4.- Zabor-bilketako sistema eraginkorrago eta iraunkorrago baterantz aurrera egin.
Atez atekoa baino sistema malguagoekin: organiko eta errefusarako txipdun ontziak.
5.- Garraio publikoa: eraginkortasuna eta iraunkortasuna helburu. Plan berri bat.
Inguruko herrietara eta Donostiara orain arte baino azkarrago ailegatzeko.
Oiartzundik Donostiara 50 minutu!? Ez.
6.- Aparkatzeko arazoak askotan; auzo batzuetan arazo handiak sortzen dira maiz: Elizalde, Ugaldetxo. Beharrezkoa da auzoz auzo estudio bat egitea.
7.- Trafikoa era integralean hobetu; estudio bat egin, eta Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, trafikoa berrantolatu, bai herriko bertako joan-etorrietarako, bai herritik kanporako.
8.- Euskara sustatu, eta herritarren hizkuntza eskubideak zaindu. Udalbatzako ordezkari lanean lehentasunez beti euskaraz aritu. Herritarren artean, eta bereziki gazteenen artean, euskararen erabilera bultzatzeko estrategiak pentsatu eta landu.
9.- Adin nagusiko oiartzuarrak ongi izan daitezen arreta jarri eta zaindu. Etxez etxeko laguntza zerbitzua eskuratzeko aukerak zabaldu eta zerbitzua hobetu. Foru Aldundiarekin elkarlanean, zaharrentzat zaintzapeko etxebizitza sail bat eraikitzeko aukera aztertu eta bultzatu.
10.- Arraguan, Topoaren geltoki ingurua eta Ganboxa kalearen azpia egoki antolatu.
11.- Kultura, gazteria, kirola eta jarduketa fisikoa: Gazteleku bat sortu adin jakineko gazteentzat jarduera egokiak egiteko behar adina toki eta baliabideekin.
12.- Herritarrei etxebizitza eskuratzen lagundu, lehentasuna emanez alokairuko etxebizitzari eta gazteen emantzipazioari.
13.- Enplegu politika aktiboak: lana eta gizarteratzea. Merkataritza, nekazaritza eta ostalaritza ustiapenei lagundu. Enplegua lortzeko politika aktiboak bultzatu; 55 urtetik gorakoentzat batez ere, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Era berean, erakunde horiekin berekin elkarlanean, merkataritza, ostalaritza eta nekazaritza ustiapenak bultzatu, eta gurasoen jabetzatik seme-alabenera pasa daitezen bidea erraztu.
14.- Oiartzun irudikatu 2020-2035 plan estrategikoa. Bultzada berri bat eman gure herriko natura eta ingurumena zaintzeko politikei, mendi, baso eta larreak eta mendi-bideak zaintzeko politikei.
Udalbatzak aurreko agintaldian baino lau eserleku gehiago izateak zein egoera marraz dezake?
Litekeena da azken agintaldietan ordezkaritzarik izan ez duen hautagai-zerrendaren batek –PSEk– ordezkaria ateratzea. Ikusteko dago dena. Aurreko hauteskundeetan, Espainiako Gorteetakoan, PSE-PSOEk laurehun boto inguru jaso zituen Oiartzunen.
Udal hauteskundeak ez dira gauza bera, jakina, baina boto proportzio horri eusten badio, baliteke PSE-PSOEk zinegotzi bat behintzat eskuratzea.
Oiartzun euskararen arnasgunea da. Erabilera datuak, hala ere, ez dira espero direnak. Zein errezeta aplikatuko dituzue hizkuntza politikan?
Askotan –geure burua pozik edukitzeko, edo ardurak saihesteko– erabateko egia ez diren balizko egoerak egiatzat hartuta ibiltzen gara. Horietako bat da Oiartzun guztiz herri euskalduna dugulako ustea.
Euskararen arnasgune deitzen diegu Oiartzun eta antzeko udalerriei, baina, gero, gure eguneroko errealitateari erreparatzen diogunean ohartzen gara ez dela beti egia. Kaleko erabileraren azken azterketek erakutsi digute gazteen artean jaitsi egin dela indizea.
Eta uste dut nabarmen samarra dela hori Oiartzunen. Batzuetan harritu egiten nau zenbait gazteri Oiartzunen, han eta hemen, gaztelaniaz entzuteak. Iruditzen zait, oro har, ez Oiartzunen soilik, halako erlaxazio moduko bat gertatzen ari dela eguneroko erabileran, kaleko erabileran.
Esparru formalagoetan, alegia, akademikoetan, komunikabideetan, baita publizitatean ere, euskarak pixkanaka lortu duen presentzia horri eusten zaio, ez da gutxitu, areagotu ere egin da esparru batzuetan, baina gazteenen egunerokoan, kaleko ahozkoan, lagunartekoan badago ahulezia erabileraren aldetik.
Beste alde batetik, berriz, batzuetan iruditzen zait euskal hiztun askoren hizkera mailaren arazoa ere izan litekeela.
Gaur egun Oiartzun, eta Gipuzkoan oro har, D ereduan ikasten dute ikasleek, baina, benetan ikasle dezente mintzatzeko gaitasun apal samarrekoak dira: alegia, baliabideak, hiztegia, espresioak, hitz adierazkorrak… falta izaten dituztela. Ulertzen dute dena, baina ideiak, sentipenak, asmoak nahi bezala adierazteko motz geratzen dira.
Eta hizkuntz gatazka horretan gaztelaniak irentsi, bereganatu egiten ditu maiz.
EAJ-PNVko hautagaiok udalean ardurarik hartzen badugu:
1.- Gure programan diogun bezala, karguari dagozkion egitekoetan euskaraz ariko gara beti lehentasunez, eta herritarrekiko harremanean lehen hitza ere beti euskaraz egingo dugu, eta herritarrari arreta eman beharrak bestetara behartzen gaituenean soilik erabiliko dugu gaztelania.
2.- Euskararen erabilera herritarren artean indartzeko kanpaina ongi pentsatu eta landuak bultzatuko ditugu. Bereziki herritar gazteenei zuzenduak, etorkinei zuzenduak.
3.- Oiartzuar gazteentzako –adin bateko eta besteko– euskarazko entzutezko produktuen edizioa bultzatu eta sustatuko dugu ahozko euskararen eredu egoki, interesgarri eta baliagarriak zabaltze aldera. Internet sareak eskaintzen dituen aukerak baliatuko ditugu zabalkundea egiteko.
4.- Herriko ikastetxeekin elkarlanean ikasleen hizkuntz erabileraren inguruko azterketak bultzatuko ditugu, datu bilketa zabalak egin eta dagozkion ondorioak atera. Ikasleen hizkuntz erabilera horretan euskararen alde eragiteko estrategia berriak bilatu eta adostuko ditugu.
5.- Herriko elkarteekin (kultura, kirol, aisia,…) euskararekiko atxikimendua sendotzeko estrategiak landuko ditugu.
6.- Udal administrazioak eta udaleko ordezkari politikoek herritarrekiko tramite eta prozeduretan erabiltzen den euskararen, sortzen diren testuen, errebisio erabatekoa egingo dugu, hizkuntzaren egokitasuna, erraztasuna, berehalako ulergarritasuna irizpide hartuta.
Oiartzun zortzi auzotan banatuta dago. Zer egin daiteke udalerriaren kohesioaren alde?
Gauza bat auzoen arteko banaketa litzateke, eta bestea herritarren arteko kohesioa. Oiartzuarrok beti izan gara independente samarrak, baina horrek ez du esan nahi herritarren artean kohesiorik ez dugunik.
Dispertsioa beti egon da. Auzo batzuek Errenteriara jotzen zuten —eta dute— erraz, Arraguak, Ugaldetxok, esate baterako; Gurutzek, berriz, Irun aldera. Auzo bakoitzak ere bere nortasuna zuen, eta oraindik ere jarraitzen du horrek, nolabait. Baina beti egon da oiartzuar gehienon arteko ezaguera eta harremana. Herrian hamasei urte arteko bi ikastetxe izateak eta bi ikastetxeek bat bestetik oso hurbil, gazteen arteko kohesioa dakar; beharbada, aurreko belaunaldietan baino gehiago. Bertako merkataritzaren aldeko neurriak ere, auzo bakoitzaren eguneroko bizitza sustatu eta indartuko luke, eta horixe da hain zuzen guk proposatzen dugun neurrietako bat.