Eskolako Agenda 21eko ikasleak alkatearekin elkartu dira
Aldaketa klimatikoari buruz aritu dira ikasleak. Egin dutena azaldu diote alkateari, eta gaiaren inguruan dituzten konpromisoak azaldu.
Eskolako Agenda 21eko ikasle ordezkariak Jexux Leonet Oiartzungo alkatearekin elkartu dira gaur goizean, pleno aretoan. Aurtengo ikasturtean landu duten gaia aldaketa klimatikoa izan da. Ikasturtean zehar eurek egindakoa, burututako azterketak eta udalari egindako eskaerak izan dituzte hizpide Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasleek.
Ikasturtean zehar egindakoa aipatu dute. 50/50 proiektuan parte hartu dute Elizaldekoek, energia aurrezteko. Haurtzarokoek 52 keinu egitasmoan murgildu dira. Horrez gain, Oiartzungo ikasleek, oro har, egindakoak zerrendatu dituzte: marrazketa lehiaketak egin dituzte, Igeldoko meteorologia estazioa ezagutu, Ekofishen parte hartu, material didaktikoa erabili, inkestak egin dituzte…
Egitasmoak
Bi egitasmoek —50/50 Elizalden eta 52 keinu aldaketa klimatikoaren kontra Haurtzaron— egunerokotasunean eragiten diete, eta horiek aurkeztu dituzte. Elizaldekoek esan dutenez, eskolak energian aurrezten duen diru kopuruaren erdia are gehiago aurrezteko inbertsioetara bideratzen dute, eta beste erdia, ikastetxearentzako ona denarentzat. 16 tona CO2 aurreztu dituzte.
Haurtzarokoen egitasmoa ere bai eguneroko keinu txikietan zentratzen da. Adibidez, bizikleta mantenua egiten ikasi dute, dauzkaten arropen jatorriaren jarraipena, energia kontsumoa egokia den ikusi… Aldaketa klimatikoa dagoen arazorik larrienetakoa dela ziurtatu dute, eta gizakiak sortutakoa dela, lehen aldiz Historian.
Eskaerak udalari
Ikasleek hartutako konpromisoak azaldu dituzte: hamaiketakoa zorro berrerabilgarrian eramatea; ikastetxeetako erosketen arduradunek formakuntza jasotzea; ikastetxe eremuetan berdeguneak jartzea edota 50/50 egitasmoarekin jarraitzea.
Udalari, berriz, eskaera batzuk egin dizkiote: Zuhaitz Eguna igandera aldatzea eta DBHkoentzako Zuhaitz Eguna sortzea; erreka garbitzeko eguna antolatzea; etxeetan eta komertzioetan energia aurrezteko neurriak diruz laguntzea; udal eraikinen berokuntza sistema hobetzea; bertako produktuak eta ekoizleak ezagutzera emateko kanpainak egitea; tuperwareak erabiltzeko kanpainak sustatzea; autokonposta eta auzokonposta indartzea; Elizalde eskolan patineteak uzteko tokia antolatzea; gazteak elkartzen diren eremuetan (Ibargain parkea eta labaderoa) zakarrontzi gehiago jartzea edota udalaren autoak aldatzean ibilgailu elektrikoen aldeko apustua egitea. Bertso batentzako tartea izan da.
Bukaeran, Jexux Leonetek hartu du hitza, eta ikasleak zoriondu ditu, egindako lan zabal eta aberasgarriagatik. Udalean gaia lantzen ari direla ziurtatu die ikasleei, eta beren eskaerak agendan sartuko dituztela. Aldaketa klimatikoarena gai garrantzitsua dela nabarmendu du. “Ea urrira bitartean martxan jartzen ditugun”.