Txinalkak Tinderren sortutako harremanei buruzko antzezlana taularatuko du
'Inframunduak' antzezlana estreinatuko du Txinalkak, datorren asteburuan. Tessa Andonegi taldearen zuzendariak idatzi du.

Ikasturtea bukatzen den aldiro bezala, Txinalka antzerki eskolakoek urtean zehar landu duten obra taularatuko dute. Arrakasta izan ohi dutenez, bi saio egingo dituzte, beti bezala.
Datorren larunbatean eta igandean, Inframunduak antzezlana eramango dute pleno aretoko oholtzara. Taldearen zuzendari lanetan ari den Tessa Andonegik idatzi du antzezlan hori, eta Tinder app-an sortzen diren harremanak jorratzen ditu. Hemezortzi pertsonaia desberdinen istorioak sortu ditu Andonegik.
Irutxuloko Hitzari adierazi zionez, garai batean erabili zuen app hori, baina ez zuela asko iraun. Hori bai, ideien meatze bat izan daitekeela ziurtatu du Andonegik. “Oso kuriosoak izan daitezke halako sare sozialetan ematen diren hartu-emanak. Pertsona bakoitzak gauza konkretu bat bilatzen du, eta hori lortzeko bere burua saldu behar du. Nola ez, gezurra nagusi izan ohi da horrelakoetan”, gaineratu zuen elkarrizketa horretan.
Saio bikoitza
Larunbateko saioa 20:00etan hasiko da, eta igandekoa, berriz, 19:00etan. Sarreran ez da aldaketarik egongo: bietan 5 euro balioko du txartelak, eta han bertan erosi beharko dira.
Pleno aretoko oholtzara igoko diren aktoreak honako hauek izango dira: Izaro Otxoa, Pili Arbelaitz, Usoa Arbelaitz, Luix Mitxelena, Jesus Gonzalez, Nati Gonzalez, Amaia Ibarguren, Izaskun Llona eta Peli Korta.