Julen Mendozari aitortza ekitaldia egingo diote ekainaren 8an
Errenteria-Oreretako alkate bezala egindako lana eskertu nahi dute hainbat lagunek, eta ekitaldi irekia antolatu dute Merkatuzarren.
Julen Mendoza, 2011ko ekainaren 11n. Bi aste besterik ez zaizkio falta bigarren agintaldia agortzeko. Hilaren 15ean, Julen Mendozak Errenteria-Oreretako aginte makila utziko dio indar politiko bereko Aizpea Otaegiri.
Zortzi urteetan egin duen lana eskertzeko asmoz, Mendozaren lagun talde batek ekitaldia antolatu du Merkatuzarren. 12:00etan hasiko da, eta nahi duen herritar oro gertura daiteke bertara.
Lanbidez abokatua da Mendoza, eta 2011n eta 2015eko udal hauteskundeak irabazi zituen. Herritarren mandatua hartuta, eskualdekoak ez diren medioetan ere bai hainbat titular utzi ditu, hala nola elkarbizitzaren arloan edo udalaren inbertsio sozialetan. Horrez gain, Errenteria-Orereta postindustrialari iparrorratz berri bat jarri dio, udalerriak duen balioetako bat aintzat hartuta: kultura.
Oraindik ez du publiko egin politikaren lehen planoan jarraituko duen ala ez. Argi dagoena da ez duela dantzatuko San Juan Bezperako sokadantza.
