[Galeria] Taupada erraldoi da Errenteria
11:00etan izan da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren irekiera ekitaldia Koldo Mitxelena ikastetxean. Ordutik hamaika ekintza egiten ari dira herrian antolatu dituzten sei guneetan.
Euskal Eskola Publikoaren Jaiak piztu du txupina. 11:00etan egin dute irekiera ekitaldi ofiziala, jaiaren antolakuntzaz arduratu den Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian. Jaiaren lelo bera duen Makina bat taupada abestiaren bertsio akustikoarekin hasi dute ekitaldia eta Koldo Mitxelena Ikastetxeko Koldokide elkartearen izenean hitza hartu du Maialen Oliberik. Eskerrak eman dizkie guztiei egun handi honetan Errenteriara hurbiltzeagatik eta Euskal Eskola Publikoaren Jaiarekin bat egiteagatik. Gaurko eguna heldu arte egindako bidea luzea izan dela, baita neketsua ere batzuetan aitortu du Oliberik, “baina lanean aritu garenak argi dugu merezi izan duela. Merezi izan du Koldo Mitxelena ikastetxeko ikas komunitatea indartu egin delako, Oarsoaldeko gainontzeko ikastetxeekin harremanetan jarri eta lan sarea osatzeko balio izan duelako. Merezi izan du Euskal Eskola Publikoak egiten duen lan itzela ezagutzera eman duelako, eta merezi izan du aurrerantzean ere lanean jarraitzeko grina piztu digulako”.
Bidean jende ugariren laguntza jaso dutela nabarmenduta, eskerrak eman ditu Oliberik: “Eskerrik asko Koldo Mitxelenako familiei, zuzendaritzari, irakasleei eta irakasle ez diren langileei inplikazioagatik; eskerrik asko herriko zein Oarsoaldeko gainontzeko eskola publikoei zuen laguntzarengatik, eta eskerrik asko Errenteriako Udalari eta batez ere zuzenean gurekin lanean aritu zaretenei hasieratik erakutsi diguzuen ilusioagatik eta babesagatik”.
Ana Puente EHIGEren presidenteak hartu du hitza ondoren. Eskerrak eman dizkie berak ere gaur Errenteria-Oreretara hurbildu direnei Euskal Eskola Publikoari babesa ematera. Errenteriako hezkuntza publikoak ederki islatzen dituela Euskal eskola Publikoaren balioak erantsi du, “euskalduna, parte hartzailea, berritzailea, denona eta denontzat eta ondorioz, gizarte osoari irekia”. Euskara Batuak 50 urte ospatu berri dituenean Koldo Mitxelena Errenteriako hizkuntzalari handia izan du gogoan Puentek: “Berak hasi zuen bideak gure eskola publikoan dirau”.
Ekitatea eta aukera berdintasuna
Euskal Eskola Publikoa dela egun herritar guztiei ekitatea eta aukera berdintasuna eskaintzeko tresna nabarmendu du EHIGEren presidenteak. Hezkuntza sisteman erreforma urgenteak egiteko beharra aldarrikatu du gainera, ” guk aldarrikatzen dugun justizia sozialerako hezkuntza garatu ahal izateko”. Euskal Hezkuntza Publikoak esku artean dituen erronkak ere aipatu ditu: ikasle euskaldun eleaniztunak lortu, fenomeno migratzaileak, krisi ekonomikoa eta pobrezia egoera, genero berdintasuna, eta alfabetizazio digitala, besteak beste, “Euskal Eskola Publikoak argi du zein den erronka hauei eman behar diegun erantzuna. Gure herriak hezkuntza sistema propioa eraiki behar du eta sistema horrek ekitatea eta benetako inklusioa bermatu behar ditu, aldi berean hezkuntza bikaintasuna ziurtatuz”.
Publiko-pribatu ereduak porrot egin duela erantsi du, “ez dio erantzuten gure gizartearen erronka nagusiei, segregatzailea da. Aldaketa sakona egiten ez badugu euskal hezkuntza sistema interes korporatiboen eta desberdintasun sozialen erreproduzitzailea izaten jarraituko du”. Horren harira konpromiso soziala eskatu die erakundeei eta alderdi politikoei, eragile eta hezkuntza komunitateari Puentek, guztien artean etorkizuneko gizarte proiektu berri bat eraikitzeko”, eta horretarako beharrezkoa den denbora hartzea ezinbestekotzat jo du, “egungo estatu quoa mantendu gabe, presarik gabe, parte hartze prozesuen bidez erabakitzeko zein hezkuntza nahi duen gure herriak”.
Puentek gaurko ekitaldia kargua utziko duela iragartzeko ere baliatu du.
Batasuna eta hausnarketaren jaia
Julen Mendoza Errenteriako jarduneko alkateak ere hartu du hitza. Gaurkoa batasunaren eta hausnarketaren festa izatea nahiko lukeela esan du, “batasunarena, uste dudalako hezkuntzak eta gure herriak ere hori behar duela. Egun gai honen inguruan dagoen zatiketa premiaz eta urgentziaz gainditu behar dugu. Hausnarketarako, hezkuntza eredu berri bat urgentziaz behar duelako gure herriak, eredu bakarra, guztiok bilduko gaituena, ezinbestean gizarte aldakor honen erronka handiei erantzungo diena”.
Egungo eredua agortutzat eman du Mendozak, ez duelako bere esanetan balio gizarte anitz baten erronka nagusiei erantzuteko, “beharrezkoa dugulako aniztasunean, euskaraz biziko den hezkuntza eredu integral bat, eta hori guztiok batera eraiki behar dugu”. Hori dela Errenteria-Oreretan egiten ari direna nabarmendu du, eta duela denbora batetik ona ikastetxe guztiak gizarteak dituen erronkei erantzuteko egiten ari diren elkarlana aipatu du, “hori da aniztasunean zubiak eraikiz iniziatiba, ikastetxe eta ikasle ezberdinak batu eta harremanetan jarri dituena. Hori da ere, egin dugun hezkuntza diagnostikoa, baita irailetik ikastetxe guztiak biltzen dituen prozesua ere erronkak identifikatu, lehenetsi eta erantzuna emateko neurriak adosteko ikastetxe guztiak elkarlanean egiten ari direna”.
Pertsonalera jo du Mendozak. Bikoteak eta berak, bi semeak, Euskal Eskola Publikoan eskolaratzea erabaki zutela esan du. Arrazoi ugarirengatik hartu omen zuten erabakia, baino bat nabarmendu du: “Pentsatu genuen gizarte honen aniztasunean bizi behar zutela, eta guri ere eskolak erakutsi digu gizarte honen aniztasunean bizitzen. Pentsatu genuen ere, euskara zabaltzea nahi bagenuen, indartzea, euskarak zailagoa zuen tokietan egon behar genuela”.
Ikastolari ere egin dio erreferentzia, bertan hazitakoa delako 18 urtera arte, eta ikastolari ere zor diola denaren parte bat erantsi du, “baloreak, pentsamenduak, euskara, bertatik jaso ditut ikastetxeen autonomiaren garrantzia edo proiektu hezitzaileetan gurasoen parte hartzearen garrantzia, edo ikastetxea bere inguruneko errealitatearekin txertatzeak duen garrantzia”. Herriko beste ikastetxeak ere ezagutu dituela eta gustatu zaizkiola bertan aurkitu dituen proiektuak eta irakasleen inplikazioa erantsi du Mendozak.
Udalek eskumen handiagoa
Udalek eskumen handiagoak izan ditzaten ikastetxeetan, mantenutik harago doazen erabakietan, aldarrikatu du, gainera: “Herri hezitzaile bat behar dugu, guztion artean eraikia, publikotasunean oinarritua, hezkuntza komunitatea indartuko duena, gizarte honen erronka garrantzitsuei erantzungo diena, eta euskalduna eta parekidea izango dena. Ea hitz egiten hasten garen eredu berri eta bakar bat eraikitzeko gai garen”.
Koldo Mitxelena ikastetxeko hezkuntza komunitateari eskerrak emanez amaitu du Mendozak, “erakutsi digulako nondik etorriko den etorkizuneko eredu berri hori. Zuen lana zuen seme-alabei eta gizarte osoari egiten diozuen ekarpen izugarria delako”. Oarsoaldeko gainontzeko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateei ere eman dizkie eskerrak egindako lanarengatik, baita EHIGEri ere Errenteria aukeratu izanagatik Euskal Eskola Publikoaren Jaia egiteko, “eta egiten duzuen lan guztiarengatik Euskal Eskola Publikoak duintasunez aurrera jarri dezan”.
Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak hartu du hitza azkenik. Lankidetzari eta auzolanari egin die erreferentzia eta ezinbestekotzat jo ditu, “hezkuntzan ere elkarlanean jarraitu behar dugu gizarteak hala eskatzen digulako.”. Hezkuntza lege berri bat aurkeztea dela asmoa esan du Uriartek eta ibilbide horretan denak direla beharrezkoak nabarmendu. Egun indarrean dagoen legeak 27 urte bete dituela eta aldaketa handiak izan direla denbora horretan gizartean aipatu du, “ezinbestekoa dugu XXI. mendeko gizartera egokitzen den hezkuntza lege berri bat, baina horretarako hezkuntza komunitatearen laguntza behar dugu”.
Errenteriatik Arabako Errioxara
Lekuko aldaketa heldu da ondoren. Errenteriak Bastidako Ikastetxe Publikoari eman dio Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren lekukoa. Datorren urtean Arabako Errioxan egingo du jaia Euskal Eskola Publikoak. Hurrengo urtekoa ez dela Bastidako proiektu bat, Arabako Errioxari begirakoa baizik azaldu dute bertako ordezkariek, “lan handia egiten ari gara eskola publikoan eta bertan ikusiko garela espero dugu”.
Zaria abesbatzaren eta Garazi Pascual kable dantzariaren agurra eta familia argazkiarekin amaitu dute irekiera ekitaldia.