Palista onenek eraman dituzte beren txapelak
Lau finalak goiz berean jokatu dituzte, ikusle askoren aurrean. Giro polita egon da Madalensoron, 36. txapelketa erabakitzeko.
Bukatu Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiaren 36. ekitaldia. Igande goizean jokatu zituzten lau mailetako finalak, eta giro ona nagusitu zen Madalensoron. Ikusle asko hurbildu ziren frontoira.
Emakumeetan —Gazte Mailakoak ziren denak—, Eizmendi II eta Urdangarinek lortu zuten garaipena, Agirre eta Erasuni irabazita (25-19). Partidu orekatua eta maila onekoa izan zen; Erasunen indarra ez zen nahikoa izan eta Eizmendi eta Urdangarinek ederki asmatu baitzuten aurrean tantoak bukatzen.
Gizonen artean, Hirugarren Mailan, Gurrutxaga eta Arrieta elgoibartarrek eraman zuten txapela, Iraola eta Laimirni Tolosarrei 25 eta 15 irabazi ondoren. Lamirniren joa ez zen nahikoa izan, Gurrutxagak eta Arrietak ongi eutsi baitzioten. Iraola ongi aritu zen tantoak bukatzen.
Mutilen maila nagusiak
Bigarren mailan, Zabala eta Arriaga bizkaitarrek partidu on eta serioa jokatu ondoren, 25-15 irabazi zioten Berho eta Goñi nafarrek osatutako bikoteari. Berho aurrelariak ez zuen bere egunik onena izan, eta bizkaitarrek maila ona eman zuten, txapelketa osoan bezala.
Lehen Mailan, iazko irabazleek errepikatu zuten: Salaberria eta Huegun. Donostiarrek 25-18 irabazi zieten Irigoien eta Almandoz lesakarrei. Partidu luzea, ona eta orekatua izan zen.
Maila bakoitzeko onenak nortzuk izan ziren erabaki ondoren, sari banaketaren txanda iritsi zen. Udaleko eta Gipuzkoako Pilota Federazioko ordezkariak izan ziren, baita ere Andoni Ugalde esku huskako pilotari profesionala eta Josetxo Gamioren senideak.
Aurtengo txapelketan 98 bikotek hartu dute parte, eta Giriziak antolatzen duen 36. ekitaldia izan da.