GALen biktima izan zen Bixente Perurena oroituko dute bihar
Ekitaldi irekia egingo dute Perurenan eta GALen biktima izan zen Perurenaren familiarekin batera izango dira Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea. 18:00etan hasiko da.

Bixente Perurena Peru Errefuxiatua hil zutela 35 urte bete dira aurten. 1984ko otsailaren 8an hil zuten Hendaian, Angel Gurmindo Stein errefuxiatu nafarrarekin batera zegoela tirokatu zituen GAL-ek. 37 urte zituen Perurenak, eta 1981ean egin zuen ihesi. Peru nor zen, zergatik hil zuten, 1980 hamarkadako giroa nolakoa zen… galdera horiek guztiak erantzuteko Memoria gara goiburuarekin hitzaldia egin zuten joan den otsailean.
Bihar berriz, Perurena oroitzeko ekitaldi egingo dute, Perurenako Inaxio Berasarte bidean. Ekitaldi irekia izango da biharkoa, eta Perurena familiarekin batera, Kotte Ezenarro Hendaiako alkatea, eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea izango dira. 18:30ean hasiko da GALen biktima izan zen Perurena oroitzeko ekitaldia.
GALek Perurena hil eta hiru hamarkada beranduago, haren familiak ikerketa serio bat egin dadin eskatzen jarraitzen du. Peru eta Steinen hilketagatik hainbat lagun inputatu zituen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Besteak beste, garai hartan CESIDeko buru izandako Emilio Alonso Manglano, Andres Casinello, Jose Antonio Saenz de Santamaria eta Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralak eta Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak. 2002an, epaileak bertan bera iuzi zuen Guardia Zibileko jeneralei eta Manglanori leporatutako karguak. Manglano eta hiru jeneralak atentatuarekin lotzeko zantzu nahikorik ez zegoela esan zuen, eta preskribatua zegoela erakunde armatuko kide izatearen delitua. Auzia bera 2003an artxibatu zuten.