Hasi aurretik arrakasta izan du Intxixu Trailek
Dortsal bakarra gelditzen da, izena emateko epea itxi bi egun falta direnean. Igandean egingo diote aurre hamasei kilometroko ibilbideari.
Datorren igandean egingo dute Intxixu Trail mendi lasterketaren seigarren ekitaldia. Eta hasi aurretik arrakasta izan duela esan daiteke. Izan ere, momentu honetan, dortsal bat besterik ez da falta 250 kupoa betetzeko. Beraz, iazko 216 korrikalarien kopurua gainditu dute.
Igandean 10:00etan aterako dira Ergoiengo Urtxalle/Uztapide plazatik. Aiako Harria Parke Naturaletik zehar hamasei kilometro egin beharko dituzte lasterkariek. Gorka Hertze oiartzuarrak ditu etxeko lasterketaren errekorra, ordubete, hamasei minutu eta 39 segundoko markarekin. Emakumeena Oihana Kortazarrek du, 1:31:55rekin.
Hala ere, hamasei urtetik gorakoak ez dira korri egingo duten bakarrak izango. Helduak atera ondoren haurren lasterketa irtengo da Ergoiengo plazatik. Orain eguraldia lagun izatea bakarrik falta da, eta badirudi hala izango dela.