Argi Perurena: "Bizikidetzan elkarrekin egin beharreko bidean urrats berri bat da gaurkoa"
Bixente Perurena Peru oroitzeko ekitaldia egin dute gaur arratsaldean, GALek hil zuela 35 urte bete direnean.
Perurenan, Errenteria-Orereta eta Astigarraga artean, familia osatu eta Hendaiara alde egin behar izan zuen arte lan eta bizi izan zen lekuan oroitu dute gaur Bixente Perurena Peru. 35 urte bete dira GALek hil zuela Angel Gurmindorekin batera, tiroz, Hendaiako bere etxetik ateratakoan.
35 urte geroago bere familiaren iniziatibaz eta Errenteriako eta Hendaiako udalekin elkarlanean oroitu dute. Ekitaldi xumea eta goxoa izan da, hurbila oso, eta jende ugari bildu da bertara, norbanakoak, eta alderdi politikoetako ordezkariak, baita beste biktimak ere.
Mikel Markezek eman dio hasiera ekitaldiari Itsu bati kantuarekin. Lehen lerroan eserita Blanki Paskual Peru zenaren alarguna, Argi, Aingeru eta Ester alabak, Julen Mendoza eta Kotte Ezenarro Errenteria eta Hendaiako alkateak hurrenez hurren, eta Errenteriako Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak. Horien atzean Perurena familiako gainontzeko kideak.
Argi Perurenak hartu du hitza. Aita nolakoa zen, familia bizitza elkarrekin zirenean ekarri du gogora, “langilea zen aita familia aurrera ateratzeko, langilea eta inplikatua herrigintzan, euskalduna, eskuzabala eta politikan inplikatua”. Dozena erdi bat haur batera motorrean sartzeko zuen abilidadea aipatu du. Baita 1981 urtean, 9 eta 7 urte zituztela bizitza aldatu zitzaiela gurasoak Hendaiara joan zirenean. Lehenik bakarrik joan ziren, eta ez ziren itzuli, gerora eraman zituzten hiru alabak lana eta etxebizitza egonkorra topatu zutenean. La Casa de la Pradera horrela deitu dio Argik Hendaiako beren etxeari, beti ateak zabalik omen zituen, lapikoak, jostailuak eta oheak konpartitzeko prest zituztela beti esan du, “garai batean gu ibili ginen moduan beste batzuen etxean”.
Familia giroa, goxotasuna. Hura zen etxean zutena, eta bizimodu egonkorra GAL hasi zen arte. “Aitak autoaren azpian begiratzen zuen eta itzuli bat egin ostean, gure bila etortzen zen. Guri egia ezkutatzen ziguten, baina aitak bazekien helburu zutela”.
Lanera zihoan goiz batez bi gizon zituela zain aitak kontatu du, “komisariara joan zen salaketa jartzera, babes bila nonbait, baina ez zuen ezertarako balio izan, errefuxiatuak kale kantoian, edo etxe atarian gure aita bezala hiltzen zituzten, baina Frantziako poliziak ez zuen zaintza berezirik inoiz ere jarri”. Lagunek proposatu omen zioten Peruri ihes egitea. Hala egiteak deportazioa, kanporatzea, tortura eta espetxea ekar zitzakeen bere lagun askori gertatu bezala, “baina aita pertsona baikorra zen oso, egoera aldatuko zen esperantza zuela uste dut, eta familia bizitza egiten jarraitzea erabaki zuen”. Eguneroko mugimenduak bakarrik egin ez zitzan Steinek lagundu omen zuen egun hartan, “babesa emateko aita lagundu zuen, eta horregatik hil zuten Olazagutiko gaztea”.
Gaurkoa aita oroitzeko izan dela baina baita Steinen nabarmendu du: “Steinez oroitzen dut alaia zela, maite zuela nire amak prestatzen zuen sagar tarta, eta usu bere amaz mintzatzen zela. Bera eta bere familia ere oroitu nahi dugu gaurko ekitaldian”. 37 urte zituen Peruk hil zutenean; 34 urte Steinek. Etxe aurrean hil zituzten, etxetik ateratzerakoan egun hartan lagunekin futbol partida ikusteko hitzordua egina zutelako, “amari ere egin zioten tiro, akaso izutzeko soilik, ez dakigu. Oso markatuta gelditu zitzaigun, eta ama ere hil izan balute? etorriko al dira ama ere hiltzera? beldur hori luzaroan izan genuen, egunerokoan erakusten ez bagenuen ere”.
Hendaiako Casa de la Pradera etxean sentimenduak nahasten zirela esan du. Aitaren hutsunea, oroimena, beldurra, mina, negarra, iluntzean etxetik ateratzeko ikara, ama bakarrik uzteko beldurra, aurrerantzean nola biziko zirenaren kezka, “elkartasuna ezagutu genuen, baina gero amari egokitu zitzaion gogor lan egitea hiru alabak aurrera atertzeko, eta hala egin du laguntza eta errekonozimendu handirik gabe”. beldurrak eta ezegonkortasunak GALek iraun zuen arteraino izan zituzten egunero.
GALen balek aita hil zuela, baina baita beren haurtzaroa ere esan du, “aitaren heriotzak betirako markatu gaitu, betirako errepresioari lotuta gelditu baita gure familiaren bizia, horren ondorio guztiekin”.
bizipen mingarri horiei guztiei, injustiziarena gehitu zitzaiela kontatu du Peruren alabak, “nola posible ote hildakoen artean ezberdintasunik egitea batzuei baliabideak eta nolabaiteko aitortza emanez, eta besteoi askotan ezta hildako senideei agur duina emateko aukerarik ere ez, eta are gutxiago omentzeko aukera? Aita eta Steinen kasuan hala izan zen, azken agurrak ere ez ziren lasaitasunean eta errespetuan izan; muga pasatzeko garaian, haien errautsak ezkutuan iritsi ziren beren sorlekuetara. Amona espaloian aurrera ibili zen semearen errautsen kutxa besoetan bilduta osaba-izebak babestuta poliziaren aurrean”.
Mina sentitu dutela Frantziako poliziak ama atxilotu zuen batean osatu zuten oroimen albuma eraman zuenean nahiz eta urteetara berreskuratu zuten; mina sentitu dutela aita eta Stein gogoratzeko jarritako plaka kendu duten guztietan, “beraz, hildakoen beste familiek sentitzen duten mina gurea egiten dugu ere”.
Gaurko ekitaldia urrats bat izan dela erantsi du Perurenak, “bizikidetzan elkarrekin eginm beharreko bidean urrats berri bat, hori da gure familiaren nahia. Hala hezi gaituzte etxean, gaitasuna izan dugu ulertzeko gure mina bezalakoa ezagutu dutela beste familietan ere, edozein aldetakoak izanda, nahiz eta gure kasuan, minari, injustizia eta inpunitatea gehitu zaizkion”.
Aitak, gaur 73 urte lituzkeela, aitona litzatekeela ere esan du. “Asko aldatu da gure familia 35 urtean, baita Euskal Herria ere, baina min handia dago oraindik, injustizia ere bai. Bide berri bati ekin zaio eta gure ustez, bide horretan urratsak sendoak izango dira soilik gardentasunez, zintzotasunez, eta errespetuz ari bagara. Hori neurri batean egiaren aitortzatik etorriko da, eta hortara dator, gaur gure familiak egin nahi duen ekarpena”.
Adiskidetzerako urratsak
Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak hartu du hitza ondoren. 1980 eta 1987 artean bizitako GALen garaia ekarri du gogora eta arbuiatu. Peru, bizitza eta mundu hobeago eta justizia eta askatasunaren aldeko pertsona gisa oroitzen duela nabarmendu du, “baina batzuk erabaki zuten ez zela hala izango”. Asteburu honetan Biarritzen bake prozesuaren testuinguruaren barruan antolatuta dauden bi iniziatibak aipatu ditu: “Frantziako Gobernuari eskatuko zaio konpromisoa hartzeko Europako azken gatazka armatuaren konponbidearekin”.
Biktima guztiak eta haiei zor zaien egia, justizia eta erreparazioarekin batera, presoen gaia jarri du mahai gainean, “bi arlo horiek ezinbestekoak dira eta presoen gaiari irtenbide globala eman behar zaio”. GALen biktimak ez direla aitortuak nabarmendu du bestalde Ezenarrok: “Inork ez die muzin egin behar iraganeko injustiziei, eta etorkizuneko belaunaldiekin dugun arduragatik bake iraunkorra eraiki behar dugu. Horregatik nago ni gaur hemen”.
Hitzartzea amaitzeko Julen Mendozari, haren ekiteko erari aipamen egin dio: “Humanista da, demokrazia errespetatzen du, elkarbizitza hobeagoa duen etorkizuna nahi duelako. Adorea du, baita haizea kontrakoa duenean ere”.
“Etorkizuneko herriaren argazkia”
Eskerrak eman dizkie Mendozak bertaratutako guztiei, “alderdi politikoei batez ere zortzi urte hauetan egin dugun bideagatik. Zortzi urte hauetatik zerbait eramango badut hau guztia posible egin dugun pertsonen begiradaren handitasuna izango da”. Bertaratu diren biktimei ere eman dizkie eskerrak, “gaur hemen duguna etorkizuneko herriaren argazkia da”.
Gaurko ekitaldiak familiari dolua egiten lagunduko zion esperantza azaldu du Mendozak, “hala izatea nahiko nuke, aita eta senarra galtzearen minari aitortza faltaren mina gehitu behar izan diozuelako”. Humanora, pertsonalera begiratzeko beharra nabarmendu du zauriak itxi eta aitortza egiteko tresna gisa, “errelatoaren debate politikoetan, ahazten dugu humanoa. Temati gabiltza etorkizunean geldituko den errelato horren borrokan, eta ahazten dugu etorkizunean geratu daitekeen mina”.
Bixente Perurena eta haren familiaz hitz egiterakoan giza eskubide urraketaren biktima guztiez mintzatzen dela esan du, “alde batera utzita zein biolentziaren ondorio izan diren urraketa horiek. Uste dut ariketa hau biktimentzat ona izango dela, baina baita gizartearentzat ere, eta hor denok irabazten dugu”.
Egiak dolua amaitzen laguntzen duen zalantzarik ez duela esan du, “eta egia ez da soilik Bixente GALek hil zuela, hori egia da, baina baita, GAL estatu biolentziaren espresioa izan zela. Beharrezkoa da hala esatea, horrela izan zelako, eta egiaren aitortza ezinbestekoa da”.
264 eta 1.180. Bi zenbaki horiek bota ditu. 264 egun eta 1.180 metro banatzen dutela Perurenako espazioa eta Antonio Cedillo oroitzeko egindako ekitaldia Mugaritzen nabarmendu du: “Herri honen elkarbizitzari ekarpena izatea nahi dut ekitaldi hau, baina batez ere, herri honetan izan diren giza eskubide urraketa guztien aitortzari ekarpena izatea; familia honek dolua amaitu dezan, aitortua sentitu dadin, eta hainbeste urtean soinean daraman mina arintzeko balio dezan”.
Gertatutakoan atzera egitea ezinezkoa dela esanda, giza eskubideen errespetuan oinarritutako etorkizuna eraikitzea ordea, posible dela esan du, “modu bakarra dago horretarako, humanora jaitsi eta elkarri begietara begiratzea eta aitortzea”. Pepe Mugikaren esaldi batekin amaitu du hitzartzea Mendozak: “Merezi du gorrotoak menperatuko ez duen begirada elikatzea, batzuetan barruan eramatea tokatzen zaigun oinazea, handia bada ere”.
Jon Mayak eman dio amaiera gaurko ekitaldiari, dantzarekin. Lore sorta eman diote Blanki Paskuali eta lore bana Peruren alabei. Txalo artean amaitu da ekitaldia.