Maialen Irastorza: «Jendea baloratzen ari da eskuz egindakoa eta ezberdina dena»
Oiartzuarra etxeko tailerrean hasi zen poltsak egiten. Pixkanaka haziz joan zen eskaria, eta Maixala marka sortu zuen. Esku artean dituenak eta etorkizunean etor daitezkeenak azaldu ditu.
Maialen Irastorza oiartzuarra etxeko tailerrean hasi zen poltsak egiten. Pixkanaka haziz joan zen eskaria, eta Maixala marka sortu zuen. Esku artean dituenak eta etorkizunean etor daitezkeenak azaldu ditu.
Nondik datorkizu joskintzarako bokazioa?
Ingurumen Zientziak ikasi nuen, eta enpresa batean aritu nintzen lanean. Kontratua bukatu zitzaidan, haurdun gelditu nintzen, eta denbora neukan. Hori bai, lehenago, Asun Dominguezen akademian ikasi nuen; patroigintza, mozketa eta joskintza. Zaletasun hori etorri zitzaidan ama jostuna delako, beti lagundu izan diot.
Akademian formatu nintzen, eta denbora librea nuenean, gauzak egiten hasi nintzen. Jendeari gustatu zitzaion, eta enkarguak nituen pixkanaka. Bikotekideak eta biok esan genuen ea zergatik ez genuen marka bat sortzen, eta aurrera egin genuen.
Poltsekin hasi al zinen?
Bai. Txerri Eguneko azokan postua jartzera animatu ninduten, eta hortik aurrera egin genuen. Horrela sortu zen Maixala: sonoroa izatea nahi genuen. Hurrengo pausoa izan zen webgunea sortzearena.
Horretarako, Bartzelonara joan ginen, STIBera. Ehunak ikusi eta mostrak eskatu genituen, probatu eta gure produktua finkatzeko, eta webgunera begira, zer sartu nahi genuen ikusteko.
Modaren munduan muturra sartzea zaila omen da…
Bai, zaila da, baina erantzun oso ona edukitzen ari da. Jendea pixkanaka baloratzen ari da eskuz egindakoa, ezberdina izatea…
Berriro bueltatzen ari da aintzat hartze hori?
Ikasi nuen akademia horretan, urtero ikastaroak beteta daude, eta jende geroz eta gazteagoa.
Inditexen boom-a pasatu dela…
Uste dut jendeak pot-pourri-a egiten duela; eros dezake kate handietako arropa, baina ere begiratzen du non egiten diren gauzak, kontzienteagoa da. Janariarekin gertatzen ari den gauza bera gertatzen ari da.
Materiala nongoa da?
Gehienbat, Italiakoa. Frantziakoak ere badaude. Gu Bartzelonako azokara joaten hasi ginen, baina Pariseko Premiere Visionen hornitzaile batzuk lortu genituen. Uraren kontrako ehuna lortu genuen; Ingalaterrakoa da hori [poltsak erakusten hasi da]. Erabiltzen ditut estatukoak ere. Baketa larrua Bartzelonakoa da, eta etiketak ere bai. Kremailerak Euskal Herriko hornitzaile batenak dira, eta furniturak Basauriko enpresa batenak.
Beraz, poltsak hemen eginak dira, baina toki askotako jatorrizko materialak ditu.
Guk garrantzia handia ematen diogu ehunaren kalitateari eta zerbait ezberdina izateari.
Zenbat denbora behar duzu poltsa bat egiteko?
Lan bolumena handitzen ari da, eta seriean egiten hasi naiz. Denbora aurrezten dut horrela. Makinaria berria erosten ari naiz; lehen guraizeekin egiten nuena orain ebakitzeko makinarekin egiten dut. Bi ordu inguru pasatzen ditut poltsa bat egiteko.
Amonaren makinarekin hasi nintzen… Pedalei eman eta marabila bat zen! Makina industriala ekarri, eta nabaritzen da. Emaitza askoz hobeto gelditzen da, eta materiala potoloagoa denez, askoz hobeto eta azkarrago horrekin. Mailua ere erabiltzen dut, errematxeentzako… [Zintzilik dituen poltsa mordotik mota ezberdinetakoak erakusten hasi da] …hauek dauzkate tirak, urarekiko erresistenteagoak direnak. Honek forroa lodiagoa dauka, urari aurre egiteko. Beste batzuk biribilak dira. Badaude sorbaldatik behera eraman daitezkeenak, eta beste batzuk, gurutzatuta. Barrualdean, batzuek dituzte poltsikoak kremailerarekin; irekiak ere badaude.
Beraz, ez da lehenengo begi-kolpean begiratu behar…
Ez. Diseinatuta daude egunerokotasunerako. Praktikoak izateko egiten ditugu; ez da bakarrik estetika. Iraupena ere kontuan hartzen dugu; atenporala izatea nahi dugu, epe luzerako.
Seriean egiten duzula esan duzu. Zuen markaren promozioari atsedenaldia eman diozue?
Orain alde batera utzita dugu azoketara-eta joatea, eta dendetara kasik ez gara joan. Egia esan, produkzioarekin lan handia daukat.
Pixka bat sare sozialetan promozionatu dugu —asko kostatzen du— eta Muselines aldizkari digitalerako ere egin ditugu edukiak. Baina askoz gehiago ez. Gure burua ezagutarazteko lana egiteke daukagu.
Bakarrik egiten al duzu lan?
Orain, bolumena handia denez, tailer batekin hasi naiz, bakarrik ez naizelako iristen. Gauza batzuk egin dizkidate, eta gustatu zait nola egiten duten lan. Errenteriako Aukera tailerra da, Caritasetik sortutakoa, teknikoagoa. Kasu horretan, hemengoak dira tailer horretakoak. Uste dut aurrera jarraituko dugula.
Salmentak, berriz, non egiten dituzue?
Errenterian, Kaliman; Pasai Donibanen, Amuan; Beasaingo Itoizen —webgunea ireki baino lehen interesa agertu zuten—; Tolosako NZBn; eta Azpeitian, Furundarena Oinetakoak dendan. Ongi funtzionatzen ari da.
Harremanik ba al duzu beste sortzaileekin?
Kutxa Kultur Modan sartuta nabil, Tabakalerako laugarren solairuan. Hamar diseinatzaile gaude. Espazio bat daukagu, nahi izanez gero, lanerako, baina alde horretatik, ez dut arazorik. Formakuntza pila bat eskaintzen digute; orain, adibidez, arlo ekonomikoko eskolak jasotzen ari naiz. Bestalde, Balenciaga Museoak ateratzen dituen ikastaroetan parte har dezakegu, Kutxa Kultur Moda programaren bidez. Estanpazio ikastaro bat egiten ari naiz aldi berean.
Tytti Thusbergekin formazioa izan dugu, iraunkortasunari buruzkoa. Horrekin lotuta, Errenteriako Jantziaren Zentroan, uztailean eta abuztuan gure gauzak erakusteko aukera izango dugu.
Ez dirudi geldirik egotekoa zarenik…
Beste proiektu batean sartuta nabil, Dinagu proiektuan. Lau emakumezko sortzaile sartuta gaude hor: arropa, poltsak, bitxiak eta ilustrazioak. Arropa egiten duena Biziki da; bitxiak, Agara Agirrek eta ilustrazioak Mari Matrakak.
Donostian, Gabonetako merkatua egin ohi da. Nire ideia zen bakarrik aurkeztea, baina idatzi zidaten ea elkartuta joan nahi genuen. Oso ongi moldatu ginen. Ideia da urtean zehar guri gustatzen zaizkigun azoka batzuetara elkarrekin joatea. Uztailean eta abuztuan pop-up bat antolatuko dugu Getarian, pare bat asteburutan: uztailaren 27-28an eta abuztuaren 10-11n.
Lana bakarrik egiten duzue, baina taldeka egote horrek lagunduko dizue, ezta?
Bai. Dinaguk eta Kutxa Kultur Modak laguntzen naute bakartasun honetatik ateratzen eta jendearekin egoten. Kezkak partekatu, gauza berriak jakin… Oso garrantzitsua da hori.
Horretaz guztiaz gain, zer duzu esku artean?
Urriaren 18an desfilea egingo dugu, Kutxa Kulturri esker. Aurreko urtetan Balenciagan egin da, baina aurten oraindik ez dakigu non egingo den. Hilabete honen bukaeran, 28, 29 eta 30ean, Tabakaleran azoka bat jarriko da. Hilaren 29an desfile txiki bat egingo da.
Lookbook-a egin dugu Iñaki Olanorekin, eta Iraia Errandoneak egin ditu modelo lanak. Beraiei eskerrak eman nahi dizkiet ere bai.