Mindara, Real Sociedad Fundazioaren Eguneko ohorezko gonbidatu
III. futbol egokitu jardunaldia antolatzeko ardura izango du Mindarak, Oiartzun Kirol Elkartearen laguntzarekin batera. Zubietan izango da.
Real Sociedad Fundazioak bere eguna ospatuko du datorren igandean, hilak 9. Mindara Oarsoaldeko elkartea izango da ohorezko gonbidatua, Bizipozari esker.
Mindarak nabarmendu duenez, eurentzat garrantzitsua izango da igandean bertan presente izatea. Baina parte hartzea aktiboa izango da: hirugarren Futbol Egokitu Topaketa antolatuko dute Zubietako Z5 futbol zelaian. Horretarako, Oiartzun Kirol Elkartearen laguntza izango dute, beste behin.
Ezgaitasun intelektuala duten 9 eta 21 urte arteko gazteak futbolean arituko dira, 18:30etik aurrera. Mindarak Real Sociedad Fundazioa eskertu du, topaketa horri ikusgarritasuna emateagatik. “Proiektu handi honek horrelako ekitaldiak behar ditu, aurrera egiten jarrai dezan”, iragarri dute.
Oraindik izena eman daitekeela jakinarazi dute, eta horretarako Mindararen e-posta helbidera idatzi beharko da.